Martxoaren amaieran hasiko dituzte Mutriku-Deba zubia birgaitzeko lanak
Azpimarratu dutenez, azpiegitura ez dute guztiz desmuntatuko. Zubiko lanak 41 astetan burutzea espero dute; 3.519.330,83 euro inbertituko ditu aldundiak.
Mutriku eta Deba lotzen dituen oinezko zubia birgaitzeko proiektuari buruzko argibideak eman ditu gaur [otsailak 19] Gipuzkoako Foru Aldundiak. 2018ko uztailaren 5ean amildu zen zubia desmuntatu eta berreraikitzeko bigarren faseko lanak Moyua-Harri aldi baterako enpresa elkarteari esleitu dizkiote; martxoaren amaieran edo apirilaren hasieran hasiko direla iragarri dute. Lanak 41 astetan burutzea espero dute, eta aurreikuspenak betetzen badira, urte amaierarako amaituta egongo dira.
Mutrikuko eta Debako udalak dira zubiaren jabeak %50ean, baina bi udalek aldundiarekin sinatu zuten lankidetza hitzarmenari esker, aldundiak bere gain hartuko du hurrengo faseko obraren finantzaketaren ardura ere; 3.519.330,83 euro inbertituko dituzte. Esku hartzearen kostu osoa 7.131.153,58 eurokoa da; hortik, 3.611.822,75 euro larrialdi faseko lanei dagozkie.
Azpimarratu dutenez, zubia ez dute guztiz desmuntatuko. Proiektuaren helburua, bereziki, zubi osoaren egonkortasuna bermatzea dela esan dute, baita zubiaren eta haren inguruan dauden instalazioak eta urbanizazioa hobetzea ere. “Azkenean, azken proiektua garatzeko hautatu den aukera, funtsean, honako honetan oinarritzen da: larrialdiko jarduketaren lehen fasean instalatutako zinbria mantentzea; ia erortzeko egoeran dagoen bigarren zutabea berriz oinarritzea; eta zutabe horren goiko geometria soilik berregitea”.
Honako jarduerak egingo dituzte zubian:
- Bigarren zutabea berriz oinarritzea.
- Bigarren eta hirugarren gangak erabat desmuntatzea.
- Bigarren zutabearen goiko geometria lehengoratzea.
- Bigarren eta hirugarren gangak berreraikitzea.
- Lehengoratze jarduketan, gainera, lehen estribuaren eta hirugarren zutabearen zimenduak berriz oinarrituko dituzte.
Harkaitz Millan Kultura diputatuak nabarmendu duenez, zubian egingo duten lana Kultura Zuzendaritzak egin ohi dituen esku hartzeetatik harago doa, “bai zailtasun teknikoagatik eta baita kostuagatik”. Gaineratu duenez, eredugarria izatea espero duten ekintza bat izango da. “Bi helburu ditu: ondare ondasun bat zaharberritzea eta herritarrei zerbitzua ematea. Hori guztia prozesu berritzaile, ireki eta parte hartzailearekin egingo dugu”.
Mutrikuko alkatearen iritziz, berri ona da herritarrentzat hain beharrezkoa den azpiegitura berritzea
Ildo horretatik, lanez arduratuko den enpresak komunikazio ekintza batzuk abiaraziko ditu, herritarrak proiektuaren faseei buruz informatuta edukitzeko eta, aldi berean, ikuspuntu teknikotik zein ondarearen ikuspegitik, obraren alderdi aipagarrienei balioa emateko. Kultura Zuzendaritzak berak egingo dituen ekintzez gain, besteak beste, proiektuari buruzko web orri bat, sare sozialen bidezko komunikazioa eta dibulgazio eta adituentzako hitzaldiak antolatuko dituzte. Obra gunean bertan, gainera, informazio puntu bat ere ipiniko dute.
Ibaiaren alde bateko zein bestean bizi diren herritarrentzat azpiegitura zaharberritzea garrantzitsua dela adierazi dute Mutrikuko eta Debako udal ordezkariek. Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatearen iritziz, berri ona da herritarrentzat hain beharrezkoa den azpiegitura berritzea. “Mutrikuko Urazamendi auzoan bizi diren Mutrikuko bizilagunek Debara iritsi behar dute, eta han eguneroko jarduerak egiten dituzte. Orain, lan egin beharko dugu lanak egiten diren bitartean ahalik eta hobekien moldatzeko”.