Ondarroako Plaiko Zubia ipintzeko lanekin hasiko dira
Zubiaren zimenduak sendotzeko mikropiloteak ipintzen hasiko dira datorren astean. Lanek dirauten tartean Plaiko Zubitik Itsasaurre Zubira doan tartea itxita egongo da oinezkoentzat.
Ondarroako Plaiko Zubiaren eraberritze lanek aurrera jarraitzen dute. Datorren astelehenean [otsailak 22], esaterako, zubiaren egitura dagokion lekuan ipini aurretik egin beharreko lanekin hasiko dira. Hain zuzen ere, zubiaren zimenduak sendotzeko mikropiloteak ipintzen hasiko dira.
Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek esan dutenez, mikropiloteak ipintzea ohiko jarduereko bat izaten da zimentazio lanetan. Mikropiloteek egitura lurzorura ainguratzen laguntzen dutela azaldu dute. “Egituraren oinarrian lurra, buztina edo hondarra baldin badago, eta egitura hori harririk ukitu gabe eraikitzen baldin bada, ezegonkorra izan daiteke. Hori dela eta, metro batzuk beherago zulatu eta egitura erabat egonkorra den harrira lotzen da, egiturari egonkortasun handiagoa emateko”.
Plaiko Zubia eraberritzen ari den Orion enpresako langileek zulatzeko makinekin sartuko dituzte mikropiloteak; gaur [otsailak 19] mikropiloteak ipintzen hasi aurreko prestakuntza lanak egiten ibili dira. Gutxienez bost egun beharko dituzte lanak egiteko, eta lanek irauten duten tartean oinezkoen pasealekuaren zati bat itxita egongo da. Zehazki, Plaiko Zubitik Itsasaurre Zubira doan tartea itxita egongo da astelehenetik [otsailak 22] barikura [otsailak 26]. Pasealekua itxita egongo den egunetan oinezkoak Itsasaurre Zubiaren azpitik igaro beharko dira.
Datorren astean egin beharreko lanekin amaitu ostean, martxoan ere antzeko lanak egingo dituztela aurreratu dute udal ordezkariek. “Lanekin jarraitzeko beste astebete beharko dutela esan digute. Ez digute zehaztu ze egunetan egingo dituzten lanak, baina orduan ere pasealekua itxita mantentzeko eskatu digute”.
Lanak aurreikusitakoaren arabera egingo balira, zubia 2021eko amaieran erabilgarri egotea espero du aldundiak.