Euskadi Lagunkoia egitasmoagaz bat egin du Ondarroak
Eusko Jaurlaritzak eta Matia Fundazioak sustatutako Euskadi Lagunkoia sareagaz bat egin duen 67. udalerria da Ondarroa.
Ondarroako Udalak abenduaren amaieran sinatu zuen atxikimendua, baina aurretiaz bi urteko lanketa egiten aritu dira ongizate batzordetik abiatuta. “2019an aktibatu zen talde eragilea eta 2019-2020 artean aurrediagnostiko bat egin zen. 2020an, zenbait talde eragile antolatzen hasi ziren, baina pandemiaren ondorioz, aurreikusitako egitura aldatu eta bi multzotara mugatu zen: bata, zaintzagaz lotua eta, bestea, merkataritzagaz”.
Egitasmoaren helburua adinekoek eta, oro har, herritarrek herriak hobetzen parte hartzea bultzatzea da, “zahartu ahala nork bere bizimodua izaten jarraitzeko”. Proiektua zahartze aktiboaren “paradigmaren barruan” kokatzen dela zehaztu dute. “Adinekoekin lagunkoia den inguruak egiturak eta zerbitzuak berrantolatzen ditu, banakoen behar eta ahalmen ezberdinetara egoki daitezen, eta, hala, haien partaidetza sustatzen du”.
Une honetan diagnosi txostena prestatzen ari dira. 65 urtetik gorako herritarrei inkesta eta telefono deiak egin dizkiete, Ondarroa zelan ikusten duten jakiteko. “Txosten horretan jasoko dira herriko nagusiek ikusi dituzten indarguneak, ahulguneak, ondo daudenak eta hobetu beharrekoak. Udalak bere sail ezberdinen bitartez (ongizatea, hirigintza, berdintasuna, kirola, kultura…) hemendik aurrera egingo dituen hobekuntzak eta aurrera eramango dituen programak txostenean agertuko diren ondorio nagusiak kontuan hartuta izango dira”.