Eñaut Aiartzaguena: "Marrazkietan historikoki fidela izateko ez dut hainbesteko arretarik ipini"
Iurretako marrazkilari eta diseinatzaile grafikoa arduratu da Simon Bolivar ‘Askatzailea’-ri buruzko unitate didaktikoa irudiz eta testuz janzteaz. Otsailaren 5ean aurkeztu zuten argitalpena.
Simon Bolivarren bizitza azaltzeko unitate didaktiko bat aurkeztu berri duzu. Zer erronka suposatu du zuretzat?
Erronka baino gehiago niretzako plazera izan da. Simon Bolivar askotan aipatzen da historia liburuetan eta askotan entzun izan ohi ditugu hari buruzko kontuak, baina egin zuen guztia eta horrek duen balio guztia ez da ezagutzen berton.
Lan hori egiteko aukera zelan sortu zitzaizun?
Sare sozialetan lan asko elkarbanatzen ditut, eta hor nire lana ikusita, Simon Bolivar museoko arduradunak idatzi zidan. Simon Bolivarri buruzko zer edo zer egin gura zutela eta ideia desberdinak jasotzeko asmoa zeukatela esan zidan. Hortik batzar batera deitu ninduten, eta nik aukera desberdinak proposatu nizkien. Zer edo zer txukuna, egokia, sinplea eta egiteko erraza sortzeko nahia agertu nien, eta hortik aurrera ikusiko genuela zer egin. Iurretakoa naiz, eta herriko historiari buruzko unitate didaktiko bat sortzen nenbilen aurretik, eta museoko arduradunekin batzartu nintzenean aukeretako bat honakoa izan zitekeela esan nien. Egindako proposamena gustatu, eta hortik abiatu ginen.
Zeini zuzendutako materiala da?
Gehienbat familiei zuzendutako materiala da. Eskualdeko ikastetxeetara ere banatzeko asmoa daukatela komentatu didate, baina, funtsean, familientzat izan da. Gurasoek umeekin batera Simon Bolivar ezagutzeko aitzakia bat izan da. Materiala Ziortza-Bolibarko etxe denetara bidaltzeko asmoa dago, eta aurkezpena egin genuenean ere banatu genituen ale batzuk. Nahi duenak Simon Bolivar museoan ere eskuratu ahal izango du euro baten truke.
“Kulturartekotasuna ere jaso dugu ipuinean”
Unitate didaktikoko marrazkiak ez ezik, bertan agertzen den ipuina ere zeuk sortu duzu.
Simon Bolivarren bizitzari buruz dagoen informazioa umeei gerturatu asmoz, erakargarriagoa egiteko beste modu bat izan da. Asmo hori lortzeko aitzakiarekin, istoriotxo bat sortu genuen.
Eta zer nolako istorioa asmatu zenuten?
Ziortza-Bolibarko bi ume herrian zehar jolasten dabiltzala, euren artean berbetan hasten dira. Eta elkarrizketa horretan Simon Bolivarren bizitzari buruzko kontuak kontatzen dizkiete elkarri.
Historia da gai nagusia, baina beste zein arlo landu dituzue?
Simon Bolivar estratega politiko militar bat izan zen, eta egin zituen gerrak aipatzeaz gain, pertsona moduan eduki zituen bizipen ezberdinak jaso eta aztertu nahi izan ditugu. Gaur egungo ikuspuntutik abiatuta, Simon Bolivar da Euskal Herritik, Europatik kasu honetan, Ameriketara joandakoen oinordeko bat, eta hori aitzakia modura hartuta nahi izan genuen sakondu zer jarrera eduki genuen europearrek ameriketara joan ginenean, eta zer jarrera daukaten hegoamerikarrek momentu honetan Europara etortzen direnean. Dauden behar, jarrera, ikuspegi… ezberdinak jaso ditugu, eta horri ere bere garrantzia eman gura izan diogu.
Ipuinean agertzen diren pertsonaia nagusiekin, beraz, hori islatzen saiatu zarete?
Joko bat egin nahi izan dugu. Jare eta Ana dira istoriako pertsonaia nagusiak. Ana ziortza-bolibartarra da, baina gurasoak Boliviatik etorritakoak dira. Anak Bolivia aipatzen du, eta Ziortza-Bolibarren antzeko izena duela konturatzen dira Jare eta biak; hori guztia Simon Bolivarrengatik dela konturatzen
dira eta nor zen eztabaidatzen hasten dira; modu horretan, kulturartekotasuna ere jaso dugu ipuinean.
Unitate didaktikoa osatzeko ariketa batzuk ere proposatu dituzue.
Unitate didaktikoa borobiltzeko, jolas moduan ariketa batzuk planteatu ditugu. Ipuina irakurtzerako orduan informazio jakin batzuetan arreta jartzea nahi izan dugu; hain zuzen ere, horretara bideratuta sortu ditugu ariketak. Zati hau elkarlanean egindakoa da. Galdera eta ariketa batzuk nik egin nituen, eta Beñat Ibaibarriaga museoko arduradunak eta Andoni Lariz zinegotziak pasatutako beste ariketa batzuekin osatu genuen dena. Jendaurrean aurkezpen ofiziala egin aurretik, gainera, proiektua herritar batzuei aurkeztu genien, euren iritzia jakiteko. Bestelako ekarpenak jasotzen ere ahalegindu gara, eta aurkezpenean esan nuen modura, horretarako beti egongo da aukera. Lana eginda dago, eta paperean dagoen heinean, horri aldaketak egitea ezinezkoa da, baina hurrengo proiektuetarako interesgarria izan daiteke ekarpenak jasota edukitzea. Izan ere, proiektu hau denon beharrei erantzuteko sortu dugu.
“Kontatu nahi izan dugun istorioa ume batzuen begietatik eta berbekin kontatzen saiatu gara”
Zelako ariketak daude aukeran?
Era askotako ariketak daude. Gehienak Simon Bolivarri buruzko galderak dira. Batez ere, ipuinean ikasten dugunari buruz sakontzeko planteatu ditugu. Ipuina atalka dago banatuta, eta atalez atal azpimarratu nahi izan dugunari buruzko galderak dira azken finean.
Lana egiterako garaian, zure kasuan, zein ordenatan burutu duzu prozesua?
Simon Bolivar museoko arduradunak material bat pasatu zidan, eta hori informazio guzti hori iragazi ostean, horretan oinarrituta ipuina idatzi nuen. Kontatu nahi izan dugun istorioa, gainera, ume batzuen begietatik eta berbekin kontatzen saiatu gara. Behin ipuina amaituta, hori dena marrazkiz janztea etorri zen. Amaitzeko, ariketak sortu genituen.
Eta pertsonaia historiko ezagun bati buruzko marrazkiak egiterakoan, zelan moldatu zara?
Simon Bolivarri buruzko irudi asko daude, eta horretan zentratu banaiz ere, irudiak nire erara egiteko aukera eman didate. Aurkezpenean esan nuen modura, marrazkietan historikoki fidela izateko ez dut hainbesteko arretarik ipini, umeen irudimenetik sortutako zer edo zer dela esango nuke. Fideltasun hori beharrezkoa dela ikusten bada, eta geroago herritarren aldetik behar horri erantzuteko gogoa dagoela ikusten badugu, egingo dugu beste materialen bat.
Irudiek, nola ez, estilo propioa daukate.
Marrazkilari bakoitzak bere estiloa dauka, eta itxura guztien arabera, nirea nabarmena da. Jende askok esaten dit nire marrazkiak ez baditut sinatzen ere begibistan geratzen dela nireak direla.
Lan egiteko erari dagokionez, zelan egiten duzu lana?
Eskuz, paperean egiten dut marrazkia bera. Ondoren, errotulatzaile bategaz errepasatzen dut, eta gero, ordenagailuan koloreztatu. Bi teknika horiek nahasten ditudala esango nuke. Horrek ere marrazkiaren azken estilo horri bere ikutua ematen dio, eta hori igarri egiten dela esango nuke.