Motxiladun umeei buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Mutrikun
Presoen seme-alabek bizi duten egoera plazaratzeko ekimenak prestatu ditu Mutrikuko Sarek. Bide horretatik, erakusketa eta hitzaldi bat antolatu dituzte.
Gurasoren bat espetxean duten haurren errealitea eta esperientziak bistaratzeko helburua duen Motxila etorkizunez bete izeneko erakusketa jarri dute Zabiel kultur etxeko erakusketa aretoan. Eguaztena [otsailak 24] arte egongo da ikusgai erakusketa; 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik aretoa.
Egun berean, gainera, motxiladun umeen egoerari buruzko solasaldia ere eskainiko dute 18:30ean Zabiel kultur etxeko proiekzio aretoan. Xochitl Karasatorre motxiladun umearen testigantza lehen eskutik ezagutzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. Aforo kontua dela-eta, aldez aurretik izena eman behar dela gogorarazi dute. Interesatuek mutrikusaretzen@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute.