Solabarrieta "sentsazio onekin" bueltatu da Errege eta Erreginaren Kopa konbentzionaletik
Txapelketan hirugarrenez parte hartu du, baina lizentzia ofizialagaz aritu den lehenengoa izan da; Errioxako Federazioak emandako lizentziagaz parte hartzeko aukera eduki du.
Asteburuan Granadan jokatu den Espainiako Errege eta Erreginaren Kopa konbentzionalean parte hartu du Ager Solabarrieta tiratzaile olinpikoak. Ondarrutarrak euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategorian parte hartu ahal izan zuen bakarrik, eta SHVI kategoriako parte hartzaile bakarra izan zenez, txapelketa poltsikoratu zuen.
Txapelketatik “sentsazio onekin” bueltatu dela azpimarratu du, baina txapelketa falta igarri duela aitortu du. “Presioak gehiago eginda, txapelketako lehen egunean oso txarto ibili nintzen. Bigarren egunean, egoerari buelta eman, eta nire mailan bota nuen; nire errekorretik hurre ibili nintzen, gainera”.
Espainiako Errege eta Erreginaren Kopan hirugarrenez parte hartu du, baina aurten, berritasun legez, lizentzia ofizialagaz aritu da; Errioxako Federazioak emandako lizentziagaz parte hartzeko aukera eduki du estreinako. “Txapelketa konbentzionaletan parte hartu ahal izateko lizentzia eskatzen aritu gara euskal federazioan hiru urtez. Ez dugu hemengo berririk eduki, eta azkenean, errioxarrek eman digute lizentzia”.