AEK-k herritarren ekarpenak biltzeko kanpaina bat abiatu du
Korrikak utzitako hutsuneari aurre egiteko banku finantzabide bat eskatu behar izan du AEK-k. Hau da, ikasturteari aurre egiteko zorpetu egin behar izan du euskaltegien sareak.
2021. urteak Korrikarena izan behar zuen, baina iazko urrian aurreratu zuten urtebete atzeratuko zela euskararen aldeko lasterketa masiboa. Korrika, baina, ez da euskara sustatzeko ekinbidea soilik; AEKrentzat finantzaketa iturri garrantzitsua ere bada, eta aurten ekarpen hori gabe geratzea “kolpe itzela” izango zela aurreratu zuen Asier Amondo Korrikaren koordinatzaileak. Galera hori ahal bezainbeste leuntzeko, herritarren diru ekarpenak jasotzeko kanpaina bat abiatu du euskaltegien sareak: Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! leloa dauka dinamikak, eta dagoeneko ekarpenak egiteko aukera dago AEKren webgunean bertan.
Handia da Korrikak utziko duen hutsunea. Bide horretatik jasotzen duten ekarpen ekonomikorik gabe, AEK-k bere egunerokoan aurrera egin ahal izateko, banku finantzabide bat eskatu behar izan du. Hau da, ikasturteari aurre egiteko zorpetu egin behar izan du euskaltegien sareak. Korrikak eskaini ohi dien diru iturria izango ez dutenez, erabaki dute herritarrei ekarpenak eskatzea, gaur egun jasotzen dituzten diru laguntzak ez baitira nahikoak.
Kanpainaren helburua “euskalduntze mugimenduaren garrantzia plazaratzea” dela esan du Alizia Iribarren koordinatzaile nagusiak. Euskal herritarren erdiak baino gehiago oraindik erdaldunak direla gogoratu du, eta horregatik dela garrantzitsua euskalduntze prozesua indartzea.
Euskaltegien finantzaketan aurrerapausoak eman direla onartu badu ere, oraindik ez dela nahikoa dio. “AEK Euskal Herri osoan aritzen da; herritarrei euskara ikasteko aukera ematen zaie edonon bizi direlarik ere; horregatik, gaur egun, hiru administrazioetatik bultzada estrategikoa eman behar zaiolakoan gaude”.
Ordezko jarduerak antolatzeko lanean ari da euskaltegien sarea, eta oraingoz 45 herritan ekitaldiak antolatuko ditu martxoaren 28an. Korrika egun horretan amaituko zen, pandemiak atzeratu izan ez balu
Gutun bildaketa. Hain justu, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! kanpainaren barruan, hiru administrazioetara gutun bana bidaliko du AEK-k apirilean. Duela 55 urte Rikardo Arregi euskaltzale eta kazetariak Euskaltzaindiari helarazi zion gutunaren oinarria gogoratu du Iribarrenek. Orduko hartan, helduen alfabetatzearen eta euskalduntzearen garrantziaz ohartarazi zion Arregik akademiari, eta arlo hori sustatzeko premia nabarmendu. Gutun hura bidali zenetik mende erdi igaro denean, AEK-k gogoraraziko die hiru erakundeei euskalduntze prozesuaren normalizazioan urratsak egiteko garaia dela. Iribarrenek ez du aurreratu zein izango den gutun horren edukia, baina oinarri hori izango duela esan du. “1966ko urtarrileko gutunetik, 2021eko apirileko eskutitzera igaroko gara”. Horrez gain, eragile sozialekin ere lan ildo komun bat jorratzen ari direla jakinarazi dute.
Martxoan, ekitaldiak. Dinamikako ekinbide horiekin guztiekin, Korrikak bi urtean behin betetzen duen eragile lana ordezkatuko du AEK-k. Baina Korrika ezer bada, mobilizazioa eta jende pilaketa da, eta halakorik ezingo dute egin aurten. Ordezko jarduerak antolatzeko lanean ari da euskaltegien sarea, eta oraingoz 45 herritan ekitaldiak antolatuko ditu martxoaren 28an. Korrika egun horretan amaituko zen, pandemiak atzeratu izan ez balu.
Martxo erdialdean zehaztuko dituzte ekitaldi horiek non egingo diren eta nolakoak izango diren. Hala ere, AEK-ko kideak zehaztu du unean uneko osasun egoerara egokitutakoak izango direla. “Xumeak izango dira, ezingo dugu nahiko genukeen jende kopurua bildu”.