Berakruzeko eta Lekeitio BHIko ikasleak, 'Zuk zeuk' lehiaketan parte hartzen
‘Zuk Zeuk’ lehiaketaren erronketan murgilduta daude Markina-Xemeingo Berakruz ikastolako eta Lekeitio BHIko ikasleak. Arlo ezberdinetan, garapen iraunkorrerako helburuak modu aktiboan lantzen dituzte.
Behar ezberdinak batu eta ikas bidaia egiteko dirua biltzerakoan gazteengan inpaktua sortu. Hori da Feel My Way kooperatibak DBH 3 eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleei eskaintzen diena. Zuk zeuk da ikastetxeen artean egiten duen lehiaketaren izena, eta hirugarren edizioa da aurtengoa. Arlo ezberdinetan, garapen iraunkorrerako helburuak modu aktiboan lantzen dituzte, erronka ezberdinak baliatuta.
900 gazte, 54 talde. Tartean daude Gernika-Lumoko Seber Altube ikastolakoak, Lekeitio BHIkoak eta Markina-Xemeingo BerKruz ikastolakoak. Bost talde guztira, eta lehiaketaren lehenengo fasean daude orain.
Taldean lan eginez. Martxoaren 12ra bitartean, talde bakoitzak aukeran dituen 150 ekintzen artean aukeratu eta burutu beharko dituzte. Kooperatibako kide Nora Kortaberriak azaldu duenez, ekintza horietan denetik egin behar izaten dute: «Taldeka ekintzak egiten dituzte; zenbat eta gehiago burutu puntu gehiago zenbatzen dituzte». Sailkapena egunero eguneratzen dute. Martxoaren 12an sailkapen horretako lehenengo 20 taldeak lehiatuko dira finalean.
Martxoaren 22tik 26rako astean jokatuko den finalean bost erronka burutu beharko dituzte gazteek, taldeka. Lehenengo urtean Donostiako kaleetan egin zuten Gymkanaren ordez, erronka birtualak burutu beharko dituzte aurten, koronabirusa dela eta.
Lehiaketako parte-hartzaile diren gazteak gustura ari dira. Lehiakortasunaren beste ikuspegi bat ezagutu dute, antolakuntza eta kohesioa lortuz. Ikas-bidaia egiteko dirua gura dute, baina lehiaketak elkarrekin gozatzeko eman dien aukera ere eskertu dute. Talde lanean aritzen ikasi dute, antolatzen, eta lanak azkarrago egiten. Bideodeiei esker, gainera, beste eskola batzuetako gazteekin harremantzeko aukera dute.
Finalerako sailkatzea dute orain buruan, eta Seber Altube ikastolako Altubetarrak taldekoek diotenez, hasieratik sailkapenean lehenengo hiruren artean daude; sari nagusia lortzeko asmoz daudela diote. Gainontzeko taldeak ere ekinean ari dira, eta irabazteko gogoz, ez dute amore emateko asmorik.
Ekarpena, alde bikoa. Martxoaren 26an, arratsaldean egingo dute sari banaketa, zuzeneko baten bidez. Kortaberriak azaldu duenez, minimora heltzen diren parte hartzaile denek hartuko dute saria, 1.000 eurotik 400 eurora artekoak.
Gazteek eurek diotenez, gaur egun bizi duten egoeran bidai bat egitearen esperientzia bizi nahi dute. Baina lehiaketa bera ere esperientzia bilakatu da. «Talde lana egitea oso zaila izan daiteke, elkartasunik, motibaziorik eta komunikaziorik ez badago. Horietan oinarritu eta ikastea izan da zailena, baina lortu dugu», diote lekeitiarrek. Era berean, taldean lan egiteko gaitasuna ere garatu dute, baita nork bere lanak egiteko konpromisoa hartzearena ere.
Gai desberdinak jorratu dituzte lehiaketan, eta denetatik gauza ezberdinak ikasteko balio izan diela diote.
Feel My Way kooperatibako Nora Kortaberriaren esanetan, bera eta bere lankideak ere gustura ari dira lanean: «Ikasleek guri sekulako ekarpena egiten digute. Egunero beraiekin harremanetan gaude, eta inspirazio saioetan elkarren errealitatea ezagutzeko aukera izan dugu».