Ondarroan hasiko da Euskal Herriko Itzuliaren azken etapa
Aurrera Kirol Elkartearen 100. urteurrenaren harira, 2021eko Euskal Herriko Itzulia Ondarroara ailegatuko da. Azken-aurreko etapa ere Ondarroan amaituko da.
Gaur [otsailak 26] eman dituzte apirilaren 5etik 10era lehiatuko den lasterketari buruzko xehetasun guztiak, eta bertan bosgarren etapa Ondarroan amaituko dela eta seigarrena ere Ondarroatik hasiko direla jakitera eman dute.
Bosgarren etapari dagokionez, apirilaren 9an lehiatuko dute Hondarribia eta Ondarroaren artean. Txirrindulariek 14:20ean irtengo dute Gipuzkoako udalerritik eta Ondarroako helmugara iritsi aurretik 160,2 kilometroko etapari egin beharko diote aurre. Txirrindulariek Hirugarren Mailako hiru mendate igo beharko dituzte, denak ere Lea-Artibaiko lurretan: Mendexa, Gontzagaraigana eta Urkaregi.
Etapa Lea-Artibai eta Mutrikuko zati handi batetik igaroko da. Mutrikutik etorriko dira txirrindulariak, eta Ondarroa igaro, ostean, kostaldeko errepidetik Mendexarantz abiatuko dira; handik Lekeitiora jaitsiko dira. Lekeitiotik Munitibarreranzko bidea hartuko dute, Oletatik, Gizaburuagatik eta Aulestitik igarota. Handik Etxebarriara joango dira; tartean, Ziortza-Bolibarretik eta Markina-Xemeindik ere igaroko dira. Behin Etxebarrian, eta Urkaregi gaina igarota, Elgoibarrerantz egingo du etapak, handik, Ondarroan amaitzeko.
2021eko Euskal Herriko Itzulia ikusle barik jokatuko da estreinako
Apirilaren 10ean jokatuko den azken etapa, ostera, Ondarroa eta Arrateko Santutegiaren artean jokatuko da. Etapa laburra izango da, 111,9 kilometrokoa, baina oso gogorra eta gorabeheratsua. Txirrindulariek zazpi mendate igo beharko dituzte: Lehen Mailako hiru (Azurki, Krabelin eta Usartza), Bigarren Mailako bat (Elosua-Gorla) eta Hirugarren mailako hiru (Arribinieta, Elkorrieta eta Trabakua). 14:20ean hasiko da etapa Ondarroan eta Arratera bidean ere Mutriku, Etxebarria, Markina-Xemein eta Ziortza-Bolibar ere zeharkatuko ditu.
Nolanahi ere COVID-19ak baldintzatutako lasterketa izango dela azpimarratu dute antolatzaileek; ikuslerik barik jokatuko da estreinako. Eta bide horretan, Itzuliaren inguruetan ez batzeko deia egin die zaleei Julian Eraso Euskal Herriko Itzuliko zuzendariak, gaur, ibilbidearen aurkezpenean. “Tristea eta ezohikoa izango da. Ikuskizun ederra ikusi ahal izango da telebistaz, baina saltsa faltako da, zaleak faltako dira mendateetan. Mesedez eskatzen diegu ez agertzeko”.
ETAPAK:
- 1.etapa: Bilbo-Bilbo
- 2. etapa: Zalla-Sestao
- 3. etapa: Amurrio-Ermualde (Laudio)
- 4. etapa: Gasteiz-Hondarribia
- 5. etapa: Hondarribia-Ondarroa
- 6. etapa: Ondarroa-Arrate