Sinadurak biltzen ari dira Netflixi eskatzeko euskaraz eman ditzala edukiak
Sinadura bilketaren helburu nagusia da streaming bidezko ikus-entzunekoetan euskararen presentzia eza eta horrek dakarren eskubide urraketa eztabaidaren erdigunera ekartzea.
Netflix Euskaraz taldeak bultzatuta, plataforma horri euskarazko edukiak emateko eskatzeko sinadura bilketa abian da otsailaren erdialdetik. “Euskal hiztunok plataformako ikus-entzunezko eduki denak euskaraz jaso nahi ditugu», hori da taldearen eskaera, eta euskal herritarrak bizkor ari dira erantzuten, Internet bidezko sinadura ematen.
Netflix Euskaraz taldeak dio egitasmoaren helburu nagusia streaming bidezko ikus-entzunekoetan euskararen presentzia eza eta horrek dakarren eskubide urraketa eztabaidaren erdigunera ekartzea dela.
Sinadura bilketa abiarazi eta hiru egunetan 4.000 sinadura baino gehiago jaso zituzten. “Balorazio ezin hobea egiten dugu. Euskal hiztunek argi erakutsi dute, beste behin ere, euren hizkuntza eskubideak tinko defendatzeko prest dagoen kolektibo bat osatzen dutela. Oraindik goiz da aurreikusteko, baina ikusteko dago zenbat sinadura biltzeko gai garen”. Katalunian, Plataforma per la Llenguak 25.000 sinadura bildu zituen Netflixi zuzendutako antzeko kanpaina batean. “Hemen, jakina, katalan hiztunekin alderatuta, askozaz murritzagoa da euskal hiztunen kopurua». Netflix Euskaraz taldearen arabera, Netflixek eta beste streaming plataformek etekin «ikaragarriak» dituzte, eta ez diote tokian tokiko errealitate soziolinguistikoari erreparatzen. «Etekin logika hutsetik funtzionatzen dute, eta hori erregulatu beharra dago”.