Martxoaren 6tik 8ra Zinegoak jaialdia zuzenean jarraitu ahalko da Lekeitiotik
'Valentina' filmaren estreinaldiagaz eta Euskal Begiradak eta Emakume Zuzendariak zikloekin gozatu ahalko da Ikusgarri aretotik. Sarrerak Kultur etxean erosi daitezke aldez aurretik eta Ikusgarriko leihatilan egun berean.
Bilbogaz batera Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte eszenikoen jaialdiaren egoitza izango da aurten Lekeitio, eta zapatuan [martxoak 6], domekan [martxoak 7] eta astelehenean [martxoak 8] Bilboko aretoetan gertatzen ari dena Lekeitioko Ikusgarri aretotik ere jarraitu ahal izango da momentu berean.
Euskal Zine Bilera eta Zinegoak jaialdien lankidetzari esker sortu da aukera. Euskal Zine Bilerak Pantaila Irekia egitasmoa jarri zuen martxan iaz ikus-entzunezkoetan dabiltzan beste egitasmo, jaialdi edo eragileei leiho bat zabaldu asmoz, eta Zinegoak jaialdiari eskaini zioten leiho hori. “Azaroan EZBren baitan Zinegoaketik pasatutako filmen aukeraketa bat eta Zinegoak egitasmoa ezagutzera emateko erreportaje bat eskaini ziren Ikusgarrin, eta, era berean, elkarlanerako harreman bat adostu genuen aurtendik aurrera Lekeitio Zinegoak jaialdiaren barruko egoitza bat bihurtzeko. Eurak egoitza bat irabazi dute Lekeition, eta Lekeitiok LGTBI+ gaien inguruko jaialdi erreferente horretako egoitza izatea eta jaialdiaren parte bat Lekeitiotik bertatik zuzenean bizi ahal izatea irabazten du”, azaldu du Xabier Arrate Lekeitioko Euskal Zine Bilerako zuzendariak.
Zinegoak jaialdia gaur [martxoak 1] hasi eta martxoaren 14ra arte luzatuko da, eta Lekeitio hiru egunetan izango da jaialdiaren parte. Zapatuan Cassio Pareira dos Santos zinemagilearen Valentina (2020) filma estreinatuko da 19:00etan, eta estreinaldi hori zuzenean ikusi ahalko da Lekeitioko Ikusgarritik. “Konektatuta egongo gara Bilboko Golem zinema, Lekeitioko Ikusgarri eta fimaren egilea Brasildik. Jaialdiaren parte izango gara momentu berean, beste espazio bat bagina modura, baina Bilbon izan beharrean Lekeition”.
Domekan 18:00etan, berriz, Euskal Begiradak euskal autoreek egindako pelikula laburren zikloa jarraituko dute eta astelehenean 19:15ean, emakume zuzendariek egindako filmen beste ziklo bat egongo da. Valentina fimaren estreinaldia Espainiar estatu mailakoa izango dela azpimarratu du Arratek, eta Euskal Begiraden zikloan Aitor Gametxo zinemagile lekeitiarrak parte hartuko duela aurreratu du. “Hemen.Gaur.Berriz deitzen den film bat egin du, eta hori ikustegaz gain Aitorren parte hartzea ere baieztatuta dago amaierako solasaldian”. Arratek azaldu duenez, proiekzio guztietako egileen parte hartzea lortzen saiatuko dira, amaieran filmen inguruko solasaldia egoteko.
Egun bakoitzerako sarrerak 3 eurotan eskuratu ahalko dira, aldez aurretik Kultur Etxean edo Ikusgarri zinema aretoko leihatilan egunean bertan.
Epaimahaian. Bestalde, Zinegoak jaialdiko epaimahaikidea ere izango da EZBren zuzendaria. Jaialdiak hiru sail ofizial ditu, FIK (fikzioa), DOK (dokumentalak) eta KRAK (narratiba berriak), eta Xabier Arrate DOK epaimahaiaren parte izango da Nicole Costa aktore eta zuzendari txiletarragaz eta Pilar Monsell Kordobako zinemagile eta artistagaz batera. “Sei dokumental ikusi behar ditut eta horien artean aukeratu behar dugu gure ustetan onena dena. Euskal Zine Bilera eta Zinegoak jaialdien elkarlanaren beste aurpegi bat dugu hau. EZBgaz egindako harremana asko gustatu zitzaien eta sakondu egin nahi izan dute; elkarlan horren beste ondorio bat dugu hau ere. Egia esanda, proposamena pozik hartu genuen eta hor nabil”.
Aurten Zinegoak begirada “itxaropentsua” lantzen saiatu dela azaldu du Arratek. “Erakutsiko dituzten errealitateak nahiko gogorrak dira kasu batzuetan, baina aurten asko landuko dituzte pertsona ez binarioak edo trans moduan bizipen integratuak dituzten pertsonak eta gutxi gorabehera bizimodu normalizatuak dituztenak –amatasun lesbikoa, talde zaintza…- eta ez horrenbeste jazarpena pairatzen dutenak. Askotan kritika politikoa ere badago, baina begiradak nahiko itxaropentsuak dira denak ere. Lan oso interesgarriak daude, kostatu egingo zait erabakitzea zein den onena”. Jaialdia gertatzen ari den bitartean egingo dute epaimahaikoek aukeraketa, eta amaiera ekitaldian jakingo dira aurtengo irabazleak.
Euskal Herrian zehar. Bilboko jaialdia amaitzen denean, Euskal Herrian zher hasiko du ibilbidea Zinegoakek. Aurten 40 udalerri baino gehiagok parte hartuko dute ZG Hedapenean. Horietako bat Markina-Xemein izango da. Martxoaren 20an eskainiko dute jaialdiko filmeen aukeraketa bat Esperantza aretoan.