Ondarroako Merkatu txikiko salmentak esperotakoak baino hobeak izan dira
Pandemia aurreko zenbakietara ailegatu ez badira ere, balorazio positiboa egin du Zatoztek.
Domeka [otsailak 28] goizetik eguerdira Alamedan egindako Merkatu txikiak esperotako salmenta helburuak bete dituela jakitera eman du Zatozte Ondarroako Dendari Elkarteak. Aurreko urteko Merkatu txikiagaz alderatuta, zer edo zer gutxiago saldu dutela igarri dute dendariek, baina bizi dugun osasun egoera kontuan hartuta, datuak esperotakoak baino hobeak izan direla nabarmendu dute. Elkartetik balorazio ona eta positiboa egin dute. “Esperotakoa baino gehiago saldu zen; gustura geratu gara denak”.
Elkarteko kideen iritziz, nahikoa jende ibili zen Alamedan ipinitako erakusmahaietan erosten. Hala ere, inguruko herrietatik ezin etortzea ere igarri zen. “Herritarrak eta mugakide diren herritarrak etorri ahal izan dira oraingoan, eta saltzerako orduan hori ere igarri egin da. Egia esan, pandemia aurreko zenbakietara ez gara ailegatu, baina dabilen mugimenduarentzako ondo joan dela esango genuke”.
Zailtasunak zailtasun Merkatu txikia egitea merezi duela esan dute Zatozteko kideek. “Orain urtebete egin genuen azken Merkatu txikia, eta berriro egitea merezi duela iruditu zaigu”.