Eguzkik dio Mijoako saneamendu proiektua lehiaketara ateratzea berandu datorrela
Herri erankundeen arteko akordioa bete izan balitz, lanak, beranduenez, 2011an amaituta egon beharko liratekeela ohartarazi dute.
URA agentziak Mutriku eta Saturraran bitartean saneamendu sarea hobetzeko asmoa agertu du. Zehazki, esku hartze hori gauzatzeko proiektua idazteko lana lehiaketa atera dute, eta albistea pozgarria bada ere, hamar urte beranduago datorrela agertu du Eguzki talde ekologistak. “Proiektua lehiaketara aterako duten albistea iritsi zaigu. Pozten gara, jakina, nahiz eta ez dugun txalorik joko. Gauzatuta ikusi arte beste hamar urtez itxaron behar ez izatea baino ez dugu desio”.
Gaineratu dutenez, oraingoz proiektua idazteko lana besterik ez dute lehiaketara atera, ez proiektua berea gauzateko obra. “Aurrerapausotzat jo beharko dugu. Proiekturik gabe ez dago lanak gauzatzerik, baina ez dugu txalo egingo, saneamendu lan hauek hamarkada luzeko atzerapena dute”.
Talde ekologistako kideek ohartarazi dutenez, herri erankundeen arteko akordio baten arabera, Mijoako saneamenduak, beranduenez, 2011an amaituta egon behar zuen. Geroztik ezer ez dela egin salatu dute. “Jaurlaritzak ez du lanok %75ean finantzatzeko hartu zuen konpromisoa bete. Zoritxarrez, horixe bera gertatu da beste hainbat saneamendu proiekturekin ere; hala nola, Mendarokoarekin, Oikiakoarekin, Andoaingo Ziako errekakoarekin edota Pasai Donibanekoarekin”. Gaur gaurkoz, Mijoa errekak garraiatzen dituen zikin guztiak Saturraran parean itsasora isurtzen direla diote.