Izapideak elektronikoki egiteko BakQ ziurtagiria Ondarroan ere eskatzeko aukera zabaldu dute
Alamedako udal bulegoetan egin daitezke eskaerak. Izenperen herritarren ziurtagiria edo NAN elektronikoa dutenek, Internet bidez ere eska dezakete BakQ identifikazio baliabidea.
Beste hainbat udaletan egin modura, Ondarroan ere BakQ herritarrentzako identifikazio elektronikoa eskatzeko aukera zabaldu dute. Alamedako udal bulegoetan egin daitezke eskaerak, honako egun eta ordutegian: astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara. Eskaera egitera joandakoan nortasun agiria aurkeztu beharko da eta telefono mugikorra ere aldean edukitzea komeni dela gogorarazi dute, pasahitza baliozkotzeko. “Bertan jasotzen da momentuan baieztapen kodea SMS bidez”.
Izenperen herritarren ziurtagiria (txartel berdea) edo NAN elektronikoa duten herritarrek, Internet bidez ere eska dezakete BakQ ziurtagaria. Honako loturan sartuta egin daiteke eskabidea. “BakQ bat eskatzeak Bak ere erabiltzeko aukera ematen du. Horietako edozein erabili ahal izango duzu, kasuaren arabera”.
Askotariko erabilerak dituen identifikazio baliabide bat da BakQ. Elektronikoki sinatzeko, baimentzeko eta telematikoki Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoekin harremanetan jartzeko eta zenbait izapide edo kontsulta egiteko aukera eskaintzen du. “Ordenagailuetan, telefono mugikorretan eta tabletetan erabil daiteke, edozein sistema eragilerekin, eta ezer instalatu beharrik barik”. Besteak beste, agiri familiarrak, errolda agiriak, helegiteak eta zenbait lizentzia ere bideratu daitezke baliabide horren bidez.