Motorrak etxeen azpian ez uzteko gogorarazi du Ondarroako Udaltzaingoak
Motorrak espaloietan lagatzea galarazota dagoela azpimarratu du Udaltzaingoak.
Herritarren segurtasuna bermatu aldera, motorrak espaloietan eta etxeen azpian ez aparkatzeko eskatu die moto gidariei Ondarroako Udaltzaingoak. Adierazi dutenez, herritar asko kexu dira motorrak euren etxebizitzen azpian aparkatzeak dakarren arriskuagatik. “Azken boladan geroz eta kezkatuago dago jendea”.
Herriko zenbaitek motorra espaloian aparkatuta uzteko ohitura dutela esan dute; batez ere, euria egiten duenean ez bustitzeko. Besteak beste, Ibaiondoko etxeen tuneletan, Mojetako Plazan, Kamiñalden eta San Ignazioko kaleko hainbat puntutan motorrak aparkatzeko ohitura dagoela jakitera eman dute. “Jabe askok euren motorrak aterpeetan laga nahi izaten dituzte, baina hori galarazota dago, oinezkoen bideak dira eta. Horrez gain, motorren batekin zerbait gertatzen bada, arrisku handia daukate goiko etxebizitzek. Horrela erre zen Kofradia Zaharra, esaterako”.
Udaltzaingoak gogorarazi nahi du espaloiak ez direla horretarako, eta motorrak dagokien aparkalekuetan laga behar direla. “Motorrentzako gero eta aparkaleku gehiago ipini ditu udalak”.