Ondarroako Itsas Distrituaren eraikina Jaurlaritzak kuadeatuko du
Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak transferitzeke dauden gaiak aztertu dituzte gaur; tartean, portuen transferentzia zabaltzea adostu dute. Funtsean, Ondarroako Kalare Deuna kofradiako eraikina osorik bota ahal izateko egin dute izapidea.
Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Miquel Iceta Espainiako Lurralde Antolaketa ministroak aurrez aurreko batzarra egin dute gaur [martxoak 3] Madrilen, transferitzeke dauden gaiak aztertzeko; Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak azken bost egunetan egin duten hirugarren bilera izan da gaurkoa. Mahai gainean egon diren eskumenen artean, portuen transferentzia zabaltzea adostu dute, Ondarroako Itsas Distrituaren eraikina Jaurlaritzari eskualdatzea barne hartuta.
Hala, Ondarroan dagoen eraikina ere euskal administrazioaren titulartasunekoa izango dela azpimarratu dute, “bere garaian Bizkai, Araba eta Gipuzkoara eskualdatutako portuen transferentzia handitzearen ondorioz”. Gaineratu dutenez, interes orokorreko portuen transferentzia egiteke dago oraindik; Bilbokoa eta Pasaiakoa, esaterako.
Zertan eragingo du transferentziak? Kalare Deuna kofradiaren eraikin zaharra botatzen ari dira egunotan, baina eraikineko zati bat (Itsas Distrituaren eraikina) Espainiako Gobernuaren esku dago. Beraz, Jaurlaritzak ez dauka eskumenik eraikinaren zati hori botatzeko –goiko argazkian–. Funtsean, transferentzia egin dute erakina osorik bota ahal izateko. Izan ere, komandantziaren kudeaketak Espainiako Gobernuaren esku egoten jarraitzen du.
Gaurko bileraren asmoa eskualdatzeko dauden eskumenak aztertzea izan da, eta horien artean espetxeei dagozkien eskumenak ere eduki dituzte mintzagai. Espetxeen kudeaketari eta funtzionamenduari buruzko eskumena Jaurlaritzaren esku uzteko negoziazioa “oso aurreratuta” dagoela nabarmendu du Garamendik bileraren ostean egindako agerraldian. Espetxe politikaren diseinuak Espainiako Gobernuaren esku jarraituko badu ere, kartzelen kuadeaketa Jaurlaritzaren eskumenen artean egongo da beraz. Jaurlaritzak espero du hori eta beste eskumen batzuk eskualdatzeko akordioa “laster” ixtea.
Garamendik zehaztu duenez, hiru dira “oso aurreratuta” dauden eskumenak: espetxeetakoaz gain, errepideko garraioari eta ISSN kode bibliografikoari buruzkoak. Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak urrian adostutako transferentzien egutegian, martxoan 11 eskumen eskualdatzea aurreikusi zuten. Horien artean daude, besteak beste, aseguruak, segurtasuneko zerbitzu pribatuak, meteorologia, nekazaritza aseguruak eta itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa.
Icetaren iritziz, transferentziak “erritmo onean” doaz. Aurreratu duenez, apirilean transferentzien batzorde mistoa batuko da eskualdatu beharreko funtzioak eta zerbitzuak zehazteko eta akordioa sinatzeko. “Bi administrazioen artean adostutako kronogramaren aurreikuspena ez dugu aldatu”, adierazi du ministroak, baina, eskualdaketak egin ahala, egutegia eguneratzen joango direla gaineratu du.