Ondarroako Time To Roots musika zigilua, bigarren lana kaleratzear
'Tune In Riddim' lana edizio mugatua izango da; binilo formatuko 20 kopia argitaratuko dituzte bakarrik. Kantuak banaka eta bi astetik behin emango dituzte ezagutzera sarean.
Ondarroako Radixu Irratiako Time To Roots irratsaiotik jaiotako musika zigiluak Tune In Riddim (One Riddim album) bigarren lanaren lehen zertzeladak ezagutzera eman ditu. Bilboko Bass Lee ezagunak ekoiztutako lan berria laster kaleratuko bada ere, diskoko lehen bi kantuak entzuteko aukera dago jada sarean. Otsailaren 15ean Bostoneko MC Yoni abeslari ezagunaren Now is the time lehen singlea estreinatu zuten eta martxoaren 1ean, aldiz, Donostiako BeƱaranks abeslariaren Back to the roots singlea ezagutzera eman zuten.
Jon Cagiao ondarrutarra Time To Roots irratsaioko buruak eta reggae musika bultzatzeko jaio zen izen berezko musika zigiluaren bultzatzaileak iragarri duenez, LP formatuko disko bat kaleratzeko asmoa dute aste gutxi barru. Zehaztu duenez, Tune In Riddim (One Riddim album) lana inglesez eta euskaraz abesturiko bost kantuk osatutuko dute. “Abestutako lau kantu edukiko ditu, eta, azkena, instrumentala izango da”.
Lanari esker, nazioarte mailako lehen kolaborazioa lortu dute
Albumak, gainera, berezitasun bat ere baduela aurreratu du. “Kantu guztiak erritmo berean eginda daude, nahiz eta artista bakoitzak bere estilo propioa eta ikutua ipini. Hain zuzen ere, Jamaikan ohikoa den One Riddim deritzon formatuan eginda daude”. Cagiaok gaineratu duenez, Dub bertsioko kantu bat ere jaso dute diskoan. “Azken kantua mota horretakoa egitea erabaki dugu”.
Hurrengo hiru kantuak datozen asteetan entzungai ipiniko dituzte; kantuak bi astetik behin joango dira ezagutara ematen. “Dena amaitutakoan album guztia gure bandcamp orrialdean entzuteko aukera egongo da”. Albumeko kantu guztiak kaleratu ostean, diskoa binilo formatoan ere ipiniko dute salgai. Hori bai, edizio mugatua izango da, 20 kopia salduko dituzte bakarrik. Biniloa eskuratu nahi dutenek aldez aurretik eskatu beharko dute kopia Time To Roots zigiluko arduradunekin harremanetan jarrita.
Bigarren lana osatzeko urtebete inguru behar izan dituzte, eta emaitzagaz pozik geratu direla nabarmendu du. “Reggae irratietan ezagutzera eman ditugu kantuak, eta jendeari gustatu zaio proiektua”. Lanari esker, gainera, nazioarte mailako lehen kolaborazioa ere lortu dute. “Time To Roots irratsaioari esker han-hemengo jendea ezagutzeko aukera eduki dut. Radixu Irratiko lagun bat Bostonetik Ondarroara bizitzera etorri zen, eta haren harremanei esker, Bostoneko MC Yoni abeslari ezagunarekin kontaktuan jarri eta beragaz batera kolaboratzea ere lortu dugu. Honakoa nazioarte mailan egin dugun kolaborazioa izan da”.