Ainhoa Oregi: "Ospitaleetako altak bestelakoan baino azkarrago ematen zirela nabaritu dugu"
COVID-19aren osasun krisi larriak bigarren maila batean utzi ditu gizartea kolpatzen jarraitzen duten hainbat gaixotasun larri, tartean, minbizia. Jendartean dauden hainbat zalantza argitu asmoz, Ainhoa Oregi AECC Gipuzkoak Eibarren duen egoitzako gizarte langilearengana jo dugu.
Egin duten neurketa batek dio 2020an minbizi kasuen %20 ez direla diagnostikatu COVID-19a dela eta.
Datua zehazki ez dakit horrela den. Kontsultak, adibidez, telefono bidez egin dira, asko ere luzatu egin dira denboran eta, beharbada, momentuan ez ezin izan dira behar bezala diagnostikatu. Hori bai kasu guztietan sentsazio bera nabarmendu dela sumatu dugu.
Zein sentsazio?
Bakardade sentsazioa gehitu egin dela iruditzen zaigu. Azkenean kontsultetara bakarrik joan behar izan dira gaixoak. Tratamenduak jasotzera ere bakarka joan behar izan dira, eta ospitalean ingresatuta zeuden asko ere hasieran batean familiarren bisita gabe geratu ziren. Testuinguru hori guztiori kontuan hartuta, bakardadea asko handitu dela sentitu dugu.
Diagnostikoaren berri bakarrik jasotzea ere gogorra izango da.
Egoera normal zegoenean kontsulta guztietara, baita jarraipen kontsultetara ere, besteren batekin lagunduta joatea gomendatzen genuen. Azkenean bi pertsonek pertsona bakarrak baino hobeto entzuten dituzte medikuak emandako azalpenak eta, modu horretara, informazioa hobeto barneratzen da. Orain, baina, pazientea bakarrik sartu ahal da kontsultara, eta ematen dioten albistearen arabera, shock egoera batean gelditu ahal da, eta ematen dioten informazioa barneratu gabe geratu.
“Gure gomendioa da ahal den neurrian eskatzea medikuari aurrez aurreko txanda bat. Garaiz ez artatzeak betiere eragin negatiboa edukiko du”
Osasungintzako saturazioa igarri duzue?
COVID-19ak denoi eragin digu. Ospitaleetako altak bestelako egoeran baino azkarrago ematen zirela nabaritu dugu. Adibidez, agerraldiak egon diren ospitaleetan hain gaizki ez zeuden pazienteei alta ematen zieten, eta gero etxeko ospitalizazio zerbitzuarekin jarraitzen zuten. Minbizia dutenak arrisku handiko pazienteak dira, eta ospitaleko egonaldiak ahalik-eta motzenak egiten saiatu dira.
COVID-19arekin kutsatzeko beldurra tarteko, gaixo askok mediku kontsultetara ahalik eta beranduen joan direla dio beste ikerketa batek.
Mediku kontsultetara edo ospitaleetara hurbiltzeko jendeak askoz beldur gehiago duela nabaritu dugu, eta euren kalterako bada ere, jendeak gehiago aguantatzen duela konturatu gara. Beste momentu batzuetan edozein sintoma txiki edukita ere, errazago joko zuketen medikuarengana, baina kontu honekin zer edo itxarotea erabakitzen dute askok, denborarekin sintomak gutxituko direlakoan sinetsita.
Medikuarengan joan gabe egondako denbora hori, baina, funtsezko izango da.
Bai, dudarik gabe. Askotan hobeto da hasiera-hasieratik medikura joan eta momentuan tratatzea. Bestelakoan bi egun egon zaitezke aguantatzen etxean, eta beharbada, asko larritu. Protokolo bat dago ezarrita, eta sintomen arabera, medikuak erabakiko du telefonotik atenditu edo aurrez aurreko kontsulta bat ematea. Medikuak telefonotik deitzen dio gaixoari, eta norberak azalduko dio zeintzuk diren sintomak. Protokoloaren arabera, jarraitu beharreko pausoak zeintzuk izango diren azalduko diote pazienteari.
Kasu horietan zer gomendio egiten duzue?
Ulertzen dugu beldurra izatea, baina sintomaren bat badute edo gaizki sentitzen badira, hobeto da ospitalera hurreratzea eta daukazuna begiratzea. Zure gaixotasuna dagoen momentuaren arabera, egun batetik bestera, egia esan, egoera asko okertu daiteke. Gure gomendioa da ahal den neurrian eskatzea medikuari aurrez aurreko txanda bat. Garaiz ez artatzeak betiere eragin negatiboa edukiko du. Hori bai, telefonoz emandako atentzio horrek eragina edukiko duela iruditzen zaigu, eta hemendik hilabete batzuetara ikusiko dira ondorio horiek.
“Minbizia dutenak arrisku handiko pazienteak dira, eta arrisku handia duten beste kolektiboekin batera txertatu beharko lituzketela iruditzen zaigu”
Horrekin lotuta zer aldarrikatzen duzue?
Otsailaren 4an Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen, eta COVID-19az gain, beste gaixotasun batzuek ere, tartean minbizia, aurrera jarraitzen dutela aldarrikatu genuen. Pertsonak aurrez aurre artatzea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Telefono bidez medikuarekin eduki dezakegun harremana askoz hotzagoa da, eta kontsulta batean, betiere, askoz babestuago sentituko da gaixoa.
Txertaketa kanpaina ere hasi da. Minbizia dutenek lehentasuna eduki behar lukete?
Minbizia dutenak arrisku handiko pazienteak dira, eta arrisku handia duten beste kolektiboekin batera txertatu beharko lituzketela iruditzen zaigu. Jaurlaritzari eta aldundiari lehentasunezko kolektiboen artean egoteko eskatu diegu.
COVID-19ari aurre egiteko, minbizia dutenek aparteko neurriak hartu behar dituzte?
Ez, denok jarraitu beharreko neurriak betetzea eskatzen dugu: eskuak sarritan garbitzea, distantziak mantentzea, ahal den neurrian leku itxietan ez egota eta musukoa erabiltzea.
Maskarei dagokienez, zer gomendatzen duzue?
Maskara kirurgikoak edo FFP2a dutenak erabiltzea gomendatzen dugu; zientifikoki gehien babesten dutenak dira.
Pandemiak eragindako egoera dela eta, laguntza psikologikoa areagotu egin duzue Eibarko egoitzan.
Orain denbora gehiago gaude etxean, eta beldurragatik edo dena delakoagatik, jendearekin askoz gutxiago harremantzen gara. Azkenean zuk bakarrik edo zure hurbilekoenekin eramaten duzu aurrera gaixotasunaren pisua, eta hori askoz gogorragoa da; ez daukazu partekatzeko espaziorik.
Horretarako Eibarko egoitzan harrera espezifikoa eskaintzen duzue.
Laguntza psikologikoa eta gizarte laguntza ematen dugu doan. Hiru langilek egiten dugu lan bertan. Ni gizarte langilea naiz, eta nirekin batera bi psikologok lan egiten dute.
Zerbitzu horretaz baliatu nahi dutenek zer egin behar dute?
Egunero ematen dugu zerbitzua 09:30etik 13:30era. 943-20 24 94 telefono zenbakira deituta gurekin harremanetan jarri daitezke edozein momentutan. Aurrez aurreko arretarik ez dugun orduetan, gure egoitzako telefonora deituta ere atendituko dugu jendea, hortik Infocancer deritzon zerbitzura desbideratzen dira deiak, eta arreta urte guztiko egunetan ematen dute, 24 orduz. Telefonoaren atzean askotariko profesionalak aurkituko dituzte, eta edozein momentutan edozein estutasun baldin badu pertsona batek, badaki telefono horretara deituta arreta emango zaiola.