Osakidetzak 25etik 117ra handitu du txertaketa gune kopurua
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako txertaketa prozesuaren erritmoa bizkortzeko asmoa azaldu du Osasun Sailak: 57.000 dosi jarri nahi dituzte astebetean, gaurtik [martxoak 5] hasita.
Orain arte, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 25 gune egon dira COVID-19aren kontrako txertoak jartzeko: gaurtik [martxoak 5] aurrera baina, 25 izateari utzi eta 117 espazio egongo dira. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik eman du aldaketaren berri, Legebiltzarrean. Sailburuak zehaztu duenez, asmoa da 57.000 txerto dosi jartzea astebetean, gaurtik [martxoak 5] martxoaren 12ra bitartean.
Gainera, Osakidetzak txertoaren dosiak bigarren aldirako gordetzearen alde agertu da Sagardui. Haren esanetan, pertsonen immunitatea bermatu nahi bada, hori da hartu beharreko bidea. Hain justu, aipatu du Espainiako Estatuko beste komunitate batzuek ez dutela horrela jokatu, eta esan du horrek zenbait kasutan eragotzi egin duela bigarren dosia garaiz jartzea. Halaber, Osakidetzaren gaitasuna goraipatu du Sagarduik: “Dosiak gordetzen ditugu, baina, horiez gainera, jasotzen ditugun dosi guztiak jartzen ditugu, horretarako gaitasuna baitugu”.