Oztopoei aurre eginda, berdintasunaren aldeko aldarria txoko guztietara zabaldu da
Emakume Langilearen Nazioarteko Egunarekin bat egin dute gaur [martxoak 8] Lea-Artibai eta Mutrikuko bizilagunek, taldeek, elkarteek eta erakundeek.
Aurtengo Martxoaren 8a berezia ari da izaten. Pandemiak eragindako osasun egoerak bateko zein besteko ekintzak eta mobilizazioak baldintzatu baditu ere, kaleak eta plazak arduraz, kolore morez, aldarriz eta salaketaz betetzeko deia egin dute. Goizean goizetik hasita, askotariko ekintzak egin dituzte han-hemenka.
Mutrikun, esaterako, jai giroan hasi dute eguna. 09:00etan suziria bota dute Goiko Plazatik, eta inguruak apaintzen aritu dira. Tartean, Txurrukaren estatua ere morez jantzi dute eta Mutrikuko emakumiok sistema arrakalatzera gatoz zioen pankarta ere jarri diote. Goiko Plaza emakume pentsiodunen aldarrikapenerako bilgune ere bihurtu da eguerdian. Oneka Euskal Emakume Pentsionisten Plataformak deituta dozenaka herritar batu dira Emakume pentsionistak borrokan! leloa zeraman pankartaren atzean. Ondarroako Alamedan egindako pentsiodunen elkarretaratzeak ere emakume pentsiodunak hartu ditu ardatz.
Manifestazio eta elkarretaratze gehienak iluntzean egingo badituzte ere, asteburuan ere martxoaren 8ari begirako beste hainbat jarduera egin dituzte. Amoroton, esaterako, emakume baserritarren bizipenak eta kezkak jasotzen dituen dokumentala proiektatu zuten zapatuan [martxoak 6]. Egun berean, askotariko ekintzak egin zituzten Aulestin; ekintzak argazki herrikoiarekin eta Aurre egingo dizueten emakumeak abesten amaitu zituzten. Domekan [martxoak 7], berriz, auto karabana egin zuten Markina-Xemeinen.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Lilatoia. Asteburuan, gainera, eta bestelako eran bada ere, Lea-Artibai eta Mutrikuko kaleak zeharkatzen ibili dira Lilatoi birtualean parte hartu duten kirolariak. Pandemiak baldintzatuta, parte hartzaileek nahi izan duten ibilbidea jarraitzeko aukera izan dute; dortsala soinean jantzi eta lasterketako bost kilometroak euren bostean egiten aritu dira, denbora aplikazio baten bidez erregistratuta.