Telegram kanala zabaldu du Ondarroako Udalak
Hedapen kanalagaz bat egiten duten herritarrek zuzenean jasoko dituzte udaleko albisteak, agenda edota ekitaldiei buruzko informazioa.
Herritarrei informazioa helarazteko beste bide bat zabaldu du Ondarroako Udalak. Orain arteko informazio elkarbanatzeko bideak mantentzeaz gain, Telegram aplikazioaren bidez ere jaso ahal izango da udalaren informazioa hemendik aurrera. Bide horretatik, hedapen kanal bat sortu dute Telegram aplikazioaren barruan. “Ondarroako Udalak www.ondarroa.eus eta www.udalbarriak.eus web orrialdeak eta Twitter, Facebook, Instagram, Youtube eta Telegrameko kontuak dauzka orain, egunerokotasuna eta berriak herritarrei ahalik eta modu arinenean eta garbienean helarazteko”.
Telegram mezularitzarako doako aplikazio bat da. Berez, telefono mugikorretan instalatzeko sortua da, baina ordenagailuetan ere instala daiteke. Edonor harpidetu daiteke hedapen kanalera, eta harpidetzen direnek tokiko erakundeak kanal horretara bidaltzen dituen mezu guztiak jasoko dituzte. Udalak informazioa zabaldu, eta harpidedunek jaso; hori da kanalaren helburua. Gaineratu dutenez, ez dago elkarrizketan aritzeko aukerarik. “Aplikazio hau herritarrek euren telefono mugikorretan edo ordenagailuan deskargatu dezakete eta zuzenean jaso udaleko albisteak, agenda, ekitaldiei buruzko informazioa…”.
Hedapena kanalagaz bat egitea erraza eta erosoa dela azpimarratu dute udal iturriek. Honako pausoak jarraitu behar dira:
- Aplikazioa Play Storeren edo App Storeren bidez Telegram aplikazioa deskargatu eta ireki gailuan.
- Norbere telefono zenbakia sartu eta APPa aktibatu.
- Bilatzailean Ondarroako Udala kanala aurkitu eta taldean batzeko aukera hautatu.