'The Paris Review' aldizkariaren arreta bereganatu dute Kirmen Uriberen poemek
'17 segundo' poema liburuko bost poema bitan banatuta argitaratu ditu aldizkari ezagunak. Mundu mailan pisu handia duen aldizkari batean poema bat argitaratzea pozgarria dela azpimarratu du.
Literatur aldizkarietan erabat ikonikoa den The Paris Review New Yorkeko hiruhilabetekariak Kirmen Uribek 2019 argitaratutako 17 segundo poema liburuan jasotako bost olerki argitaratu ditu. Idazle ondarrutarrak HITZAri jakinarazi dionez, olerkiak ingelesez eta bitan (In the coastal town eta Trosky for me was) banatuta jaso ditu aldizkariak udaberriko zenbakia; Elizabeth Macklin-ek egin du euskaratik itzulpena. “Alde batetik, Troski niretzat zen poema jaso dute eta, bestetik, lau poema bat eginda jaso dituzte: Antzo-mendiko billarra, Udako gau epela, Azken hitzordua eta Zubibarri”.
In the coastal town poeman agertzen den herria, zalantzarik barik Ondarroa dela nabarmendu du. “Herriko istorioak unibertsalak bihurtu dira orain. Herriko jendea agertzen da poema horietan, tartean, Zubi Barriko familiak eta baita Ondarroara modernitatea ekarri zutenak. Asko Hiesagaz hil ziren, eta bada halako omenaldi bat eurei egiten diedana”.
Mundu mailan pisu handia duen aldizkari batean poema bat argitaratzea pozgarria dela azpimarratu du. “Prestigio handiko aldizkaria da eta oso zaila da bertan publikatzea. Niretzako garrantzitsua da gutxika irakurle berriak egiten jarraitzea”.
AEBetako Coffee House Press argitaletxeak, ostera, Bilbao-New York-Bilbao eleberri ezagunaren edizio berritua mundu mailan ingelesez argitaratzeko eskubideak erosi ditu; 2022ko udazkenean argitaratuko dute. “AEBetako argitaletxe independenteen artean indartsuenetako da. Liburu berritzaileen aldeko apustu sendoa egin ohi dute. Bilbao-New York-Bilbao lana asko gustatu zaie eta eleberria berrargitaratuko dute. Horrek zera esan nahi du: bizi-bizirik dagoela liburua”.