Nerea Gartzia eta Ainhoa Etxebarria: "'Bibitxa' ez da antzerki konbentzional bat"
‘Bibitxa’ umorezko antzezlana eskainiko dute bi aktore ondarrutarrek barikuan [martxoak 12], zapatuan [martxoak 13] eta domekan [martxoak 14] Beikozinin; sarrera guztiak agortu dira. Antzezteaz gain, lana idazteaz eta zuzentzeaz ere arduratu dira.
Barikuan [martxoak 12] estreinatuko duzue Bibitxa lana. Estreinaldiaren atarian zelan zaudete?
Nerea Gartzia: Aldi berean, urduri, pozik eta gogotsu gaudela esango nuke. Etxean estreinatuko dugu lana eta sarrera guztiak agortu dira. Horrek ardura puntu bat eragiten digu, eta normala da alde horretatik urduri egotea.
Ainhoa Etxebarria: Jolasten ibili gara, gauza berriak probatzeko nahiagaz, geure burua ere geuk zuzenduko dugu. Kanpoko ikuspegi hori ere falta zaigunez, ziurgabetasun puntu ere badugu.
Oholtza bera elkarbanatuko duzuen lehen aldia da honakoa. Nola ailegatu zarete hona?
A.E.: Barre Algaraka bakarrizketak egin ostean, Nereagaz batu nintzen gauza batzuk bueltatzeko. Berbetan hasi, eta emakume eta artista modura zelan sentitzen ginen elkarbanatzen hasi ginen. Gure lanbidea berez da konplikatua, baina emakume izanda are zailagoa da lanbide honetan serio hartzea. Eta hortik jaio zen Bibitxa. Gaur egungo egoerak sortzen digun egonezina lan honetan isladatu dugu; azken finean, barrua husteko ariketa bat da.
N.G.: Gure artean eduki genituen elkarrizketetan konturatu ginen ibilbide profesionalean bizitako pasarte asko ere berdinak izan direla, eta emakume modura daukagun egonezin hori azaleratzeko beharra genuela konturatu ginen. Emakumea eta umorea, eta euskaraz, gainera, ez da oso esplotatuta dagoen gauza bat.
Antzezlanaren osagaietako bat umorea izango da orduan?
N.G.: Hasieratik oso argi eduki dugun gaia izan da; geuk ere aktore modura umorezko gauzak egiteko beharra dugu. Askotan zailagoa da umorezko emanaldi bat sortzea, baina gorputzak eskatzen zigun gauza bat izan da. Bizi dugun egoera, berez, oso dramatikoa da eta horri umore pixka bat ipintzera dator Bibitxa lana.
“Bizi garen garaiotan umorea behar dela uste dut, eta horri erantzun nahian dator gure lana”
Kulturarentzako garai gogor hauetan, horrelako emanaldi bat ez ohiko giro honetan eskaintzeko aukera izateak zer suposatzen duen zuentzat?
N.G.: Gaur egun panorama artistikoa zelan dagoen ikusita gogotsu gaude. Artista moduan geldirik egotea baino gauzak egiten aritzea hobe dela iruditzen zaigu. Gauzak sortzeko aukera polita zela iruditu zitzaigun.
A.E.: Egia esan, pandemiak autosortze prozesuak bultzatu ditu, eta une polita iruditu zaigu norberak nahi duena egiteko eta gauza berriak probatzeko. Pandemia hasi zenetik hainbeste emanaldi bertan behera geratu dira, eta hutsune hori bete nahi izan dugu.
Sarrera guztiak agortu dira. Antzerki gosez sumatzen duzue jendea?
A.E.: Jendeak oso ondo erantzun du. Begibistan geratzen da jendeak gogoa duela hemen gauzak ikusteko. Gizartea, oro har, kultura eta barre egiteko gosez dagoela iruditzen zait; bizi garen garaiotan, bereziki, umorea behar dela uste dut, eta horri erantzun nahian dator gure lana ere.
N.G.: Guretzako oso garrantzitsua da jendearen arreta bereganatu dugula ikustea eta ikuslea gauza berriak ikusteko gogotsu dagoela jakitea.
Azken batean bi lagun batuko zarete taulagainean. Konplizitate hori edukitzea garrantzitsua iruditzen zaizue?
N.G.: Azken batean gure gain dago lanaren pisu guztia eta maila horretan konplizitatea derrigor egon behar da. Elkar ulertzea eta bestearen beharrak zeintzuk diren ulertzea ere ezinbestekoa da. Egia esan, kimika hasieratik egotea lortzen baduzu, beste guztia erraz etorriko da; gure kasuan hala izan da.
Zelako lana da?
N.G.: Antzerkiko genero desberdinak ikutu nahi izan ditugu. Ez da hala erabakita sortu, baizik eta era oso naturalean sortu den gauza bat izan da.
A.E.: Denetik edukiko du. Diziplina ugari landuko eta uztartuko ditu lanak: dantza, gorputz espresioa ere landuko dugu performance estiloan, inprobisazioa, bakarrizketak eta testu adostua.
“Ahal den heinean publikoaren partaidetzagaz jolasten ahaleginduko gara”
Nolakoak dira zuen pertsonaiak?
A.E.: Eszenatokian Nerea eta Ainhoa izango gara, baina Ondarroako jende asko gure pertsonaiekin identifikatuta sentituko dela uste dut.
N.G.: Kasu errealak eramango ditugu oholtzara. Egunerokotasunean bakoitzak eduki ditzakeen gorabeherak azalduko dituzte pertsonaiek, eta zentzu horretan idenfitikatuta sentituko dira.
Zein da oinarrizko gaia edo ardatza?
N.G: Batez ere, gure barrutik irten duen gai zentral bat egongo da, eta horren inguruan mugituko dira beste gai guztiak.
Beikozinira bertaratuko den ikusleak zer aurkituko du?
N.G.: Bibitxa ez da antzerki konbentzional bat. Ikuslea ohituta dagoen egituratik haratago doa: espero ez duten eta ondo pasatzeko gauza bat izango da. Geuk sortutako bestelako egitura du.
A.E.: Ikuslearentzako esperientzia berezia izango da. Ordu eta erdi bueltako bidaia emozional bat proposatzen dugu.
Eta ezohiko giro honetan publikora iristera erraza da?
N.G.: Ikusleak orain urrutirago eta sakabanatuago daude eta horiengana ailegatzeko esfortzu bikoitza egin behar duzu. Maskarak soinean horien erreakzioak ikustea ere gaitzagoa da.
A.E.: Publikoarekin sortzen den energia hori igartzeko orduan zailagoa eta hotzagoa da orain. Baina publikoa, egia esan, eskertuta ikusten da.
Emanaldiek berezitasunik badute?
A.E.: Emanaldiak ez dira egunero berdinak izango. Honegaz egoeragaz erraza ez baldin bada ere, ahal den heinean, publikoaren partaidetzagaz jolasten ahaleginduko gara.
N.G.: Parte hartzea sustatuz, publikoa era batera edo bestera, antzezlanaren zuzendari bihurtu nahi dugu.
Antzerkiaren izenari dagokionez ere, Ondarroako hizkeran asko erabiltzen den izena aukeratu duzue: Bibitxa. Zerbait bereziagatik?
N.G.: Zerk identifikatzen gintuen aztertzen hasi ginen, eta gure izakera, nortasuna eta beharra egiteko orduan zelakoak garen ikusita, gauza askotan antzerakoak garela konturatu ginen; Bibitxa berbak ondo deskribatzen gaituela iruditu zitzaigun. Oker puntu bat ere badugu, eta hitz joku hori ere egin nahi izan dugu. Egia esan, dugun oker puntu hori ere esplotatu nahi izan dugu emanaldi hauetan. Askotan emakumea fina, formala, otzana… eta antzerako kanonetan ezarrita dago, eta aurrez ezarritako arau horiek apurtzen saiatu gara lan honegaz.