Baso sute bat gertatu da Kalamuan
Sutea eguazten [martxoak 10] arratsaldean gertatu zen. Oraindik ezin dute zehaztu zenbat hektarea kaltetu diren, ezta sua zerk eragin duen ere; bi sorgune egon zirela esan du Ertzaintzak.
Etxebarrian, Kalamua mendi magaleko baso zati bat erre zen eguazten [martxoak 10] arratsaldean. Segurtasun Sailetik jakitera eman dutenez, 15:00ak aldera jaso zuten abisua, mendi magalean, Bizkaiko aldean, sua zegoela esanez. Ertzaintzak adierazitakoaren arabera, ezin da zehaztu oraindik zenbat hektarea kaltetu zituen suteak, ezta sua zerk eragin zuen ere. “Bi sorgune egon ziren. Ikerketa zabalik dago, baina litekeena da kontrolez kanpo geratu zen erreketa batek eragitea sutea; suhiltzaileak bertaratu zirenean jendea aurkitu zuten gunean”.
Zehaztu dutenez, 15:51ean hasi ziren suhiltzaileak lanean, eta 18:50ak alderako sua baretzea lortu bazuten ere, suhiltzaileak zaintza lanetan geratu ziren 20:00ak arte, sugarrak ez zabaltzeko. Markina-Xemeingo parkeko hainbat ibilgailuk eta Iurretako basozainen kamioi batek parte hartu zuten sutearen itzaltze lanetan. Ez da inor zauritu ezbeharrean eta sutearen eraginez ez da kaltetutako etxerik ere egon.