Bi zuzenekogaz eta 48 orduko emanaldiagaz hasiko dira Radixuko urteurren ospakizunak
Kanpandorreko estudio zaharrean mamitutako proiektuak inoiz baino "biziago" jarraitzen duela azpimarratu dute Radixuko lantaldeko kideek, eta horren adibide dira hurrengo egunetako ekintzak ere.
Uhinetan 30 urte daramatzala eta, Ondarroako irrati libreak urteurren borobila ospatzeko jarduera bereziak antolatu ditu. Ospakizunekin hasteko bi zuzeneko eta 48 orduko emanaldi berezia eskainiko dituzte. Keu Agirretxea eta Mikel Arakistainen kontzertuak zabalduko ditu urteurren ospakizunak barikuan [martxoak 12] eta martxoaren 21ean amaituko dira 48 orduetako Erozemat azken saioagaz.
Kanpandorreko estudio zaharrean mamitutako proiektuak inoiz baino “biziago” jarraitzen duela azpimarratu dute Radixuko lantaldeko kideek, eta horren adibide dira hurrengo egunetako ekintzak ere; beti egin izan duten moduan, zailtasunei aurre egin eta urteurrena indartsu ospatzeko asmoa dute.
Saioz saio etena egin beharko badute ere, betiko “esentziari” eutsiko diete aurten ere
Urteurren kontzertuetako protagonistak Keu Agirretxea eta Mikel Arakistain eta Dena taldea izango dira. Osasun egoera kontuan hartuta, zuzenekoak bestelako eran eskainiko dituzte. Youtubetik ikusi ahal izango kontzertu akustikoak, eta zelan ez, Radixutik entzuteko aukera ere egongo da. “Kontzertuaren aurretik egun horretako protagonistek solasaldi txiki bat eskainiko dute”.
Urtero egin modura, 48 orduetako zuzeneko emisioa ere ekarriko du urteurrenak. Ohi modura, hitzordu berezia izango da esatarientzat zein entzuleentzat ere. Aurten, baina, osasun egoera tarteko, irrati maratoia bestelako eran eskainiko dute, lau egunetan banatuta. “Irratsaioak asteburu batean jarraian egin beharrean, oraingoan ordutegiak mugatuta egingo dira; asteburu batean 24 ordu eskainiko dira eta, bestean, beste 24. Gauean ere ez da saiorik egongo”. Saioz saio etena egin beharko badute ere, betiko “esentziari” eutsiko dietela nabarmendu dute Radixuko kideek.
Lehengoak, oraingoak eta desagertuta dauden 25 irratsaio eskainiko dituzte. Martxoaren 13an eta 14an, sasoi bateko irratsaioen txanda izango da, eta martxoaren 20an eta 21ean, ostera, parrilan jarraitzen dutenena. 105.5 FM diala sintonizatuko dutenek, oro har, askotariko gaiez eta musika erritmoez gozatu ahalko dute: solasaldiak, magazineak, elkarrizketak, saio musikalak, kirol saioak… Tartean Radixuko lantaldeak 48 orduetarako propio sortutako Radixu max mix irratsaioa ere eskainiko dute.
EGITARAUA
- Martxoak 12, barikua
- 20:00. Keu Agirretxearen eta Mikel Arakistainen zuzenekoa eta solasaldia. Radixutik entzun eta Youtubetik ikusi ahal izango da.
- Martxoak 13, zapatua
- 08:00-09:30. Kontsome sopa.
- 10:00-11:30. Uxola.
- 12:00-13:00. Hankak lurrin (Azkoitiko Kontrako Eztarrixe Irrati libreko irratsaioa).
- 13:30-15:30. Triki triki.
- 16:00-17:30. Jon Porruren ortua.
- 18:00-20:00. Hilbehera eta SDR.
- Martxoak 14, domeka
- 08:00-10:30. Kukulumutxun.
- 11:00-13:00. Azkanak ati itxi.
- 13:30-15:30. Radixu max mix.
- 16:00-17:00. Kukulumutxun.
- 17:30-20:00. Gabeko txoixak.
- Martxoak 19, barikua
- 20:00. Dena taldearen zuzenekoa eta solasaldia. Radixutik entzun eta Youtubetik ikusi ahal izango da.
- Martxoak 20, zapatua
- 08:00-10:00. Aide globun.
- 10:30-11:30. Neukol.
- 12:00-14:00. Binilo artin galdute.
- 14:00-16:00. Time to roots.
- 16:00-17:00. Kukulumutxun.
- 17:00-18:00. Sputnik VIP.
- 18:00-20:00. Kritikal blues.
- Martxoak 21, domeka
- 08:00-10:00. Boga eta zixe.
- 10:00-11:30. Azken mohikanoak.
- 12:00-13:00. 9 milimetro.
- 13:30-14:30. Terranobako salau.
- 15:00-16:00. Bon vivant.
- 16:30-17:30. Kukulumutxun.
- 18:00-20:00. Erozemat.