Presoei elkartasun postal bidalketa egingo diete Ondarroatik
Ondarroako Sareren asmoa da preso politiko bakoitzari, gutxienez, hiruna postal bidaltzea. Kanpainari zapatuan emango diote hasiera, eta martxoko asteburuetan egongo da martxan.
Ondarroako Sarek Ondarrutik kartzeleta elkartasune! leloa dararaman kanpaina abiarazi du. Azaldu dutenez, ekimenaren helburua Ondarroatik euskal preso politiko guztiei postalak bidaltzea da; elkartasuna adierazi eta maitasun mezuak bidaltzeko baliatuko dute kanpaina. “Kartzelako egunerokotasuna gogorra bada, pandemia egoeran gehiago gogortu da. Bisita barik, osasun egoera eskasekin… Horren aurrean elkartasuna bideratu behar dugu; haize bolada fresko bat bidali nahi diegu”.
Kanpainari zapatuan [martxoak 13] emango diote hasiera, eta martxoko asteburuetan egongo da martxan. Herriko hainbat tokitan mahaiak ipiniko dituzte, herritarrek euskal presoei idatz diezaieten. Zapatuetan, Alde Zaharrean eta KamiƱazpin ipiniko dituzte mahaiak eta domeketan, ostera, Alde Zaharrean eta Alamedan. “11:00etatik 14:00etara ipiniko ditugun mahaietan bakoitzak nahi duen mezua idazteko aukera edukiko du. Animatu eta parte hartu”.
Kanpainagaz bat egiten duten herritarrek 2 euroko laguntza eman beharko dute postal bakoitzeko. “Diru hori bidalketa kostuak ordaintzeko izango da. Gero geu arduratuko gara presoei kartzeletara postal horiek bidaltzeaz”. Ezarritako erronka betetzea lortzen badute, 600 postaletik gora bidaliko dituzte Ondarroatik espetxeetara. “Gure asmoa preso politiko bakoitzari, gutxienez, hiruna postal bidaltzea da”.
Ondarroako sei tokitako argazkiekin irudikatu dituzte postalak. “Herriko sei argazkizale ezaguni eskatu dizkiegu argazkiak. Argazki asko eskaini dizkigute proiektu hau gauzatu ahal izateko eta gure esker ona adierazi nahi genieke guztiei; aukeraketa baten ostean aukeratutako argazkiak dira postaletan agertzen direnak”.