Bazkidetza kanpaina abiarazi du Lekeitioko Marierrota Boleibol Taldeak
Internet bidez egin daiteke bazkidetza. Zehaztu dute taldean emakumeak direla protagonista nagusiak, nahiz eta mutilen bat edo bestek ere parte hartzen duen. "Marierrotak mutil taldea osatzeko ateak zabalik izango ditu beti"
Boleibola ezagutara eman eta harreman berriak sortuz, kirolaren inguruan gozatzea eta pertsonak heztea da Lekeitioko Marierrota Boleibol Taldearen filosofia. Orain, proiektua babesteko bazkidetza kanpaina abiarazi dute; Internet bidez izena eman daiteke.
Zehaztu dute taldean emakumeak direla protagonista nagusiak, nahiz eta mutilen bat edo bestek ere parte hartzen duen. “Hala ere, Marierrotak mutil taldea osatzeko ateak zabalik izango ditu beti, momentuz posible ez bada ere”. Eta gaineratu dute Lekeitiokoak ez direnek ere taldera gehitzeko aukera daukatela.
Urte askoko ibilbidea daukan taldea da Marierrota. “Beste hainbeste urtez proiektu honekin aurrera jarraituko du, eta, hori babesteko, bazkide-kanpainia hau abian jartzea erabaki du, garrantzitsua baita guretzat kirola herrian bizirik mantentzea. Horretarako, ezarritako bazkide bakoitzaren kuota 15 eurokoa izango da urteko, hau ez baitzen posible izango zuek guztiok gabe”.
[BAZKIDE EGITEKO LOTURA, HEMEN]
Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerako kirolariak batzen ditu taldeak, eta irailetik ekainera bitarteko denboraldi arruntari aurre egiteaz gain, Gabon Kopa, Udako Hondartza Txapelketa eta nazioarteko irteera bat antolatzen dituzte. “Aurten, ordea, egoera berezia izan da guztiontzat, eta ez dugu aukerarik eduki aipatutako ekintzak gauzatzeko. Hala ere, gure asmoa da hurrengo urteetan horiek antolatzen jarraitzea. Bestalde, elkarteak prestatutako ekintzez gain, federazioak antolatzen dituen hainbat jardueratan ere parte hartzen dugu, alebin topaketetan, esaterako”.