Ondarroako eta Isuntzako emakumezkoak, nagusi batel ligaren Ondarroako jardunaldian
Bizkaiko Batel Ligaren 3. jardunaldian, nesken eta mutilen kadete eta gazte mailetako 43 batel batu dira Ondarroan. Ondarroako neskak gazte mailan izan dira nagusi, eta Isuntzakoak kadeteetan.
Bizkaiko Batel Ligaren 3. jardunaldia jokatu zen zapatuan [martxoak 13] Ondarroan. Kadete mailan 24 batel aritu ziren (14 mutiletan eta 10 nesketan), eta gazte mailan, berriz, 19 (12 gizonezkoetan eta 7 emakumezkoetan).
Nesken kadete mailan, Isuntzak bi batel uretaratu zituen eta biak sailkatu ziren lehenengo bi postuetan. 07:56.56 denboragaz Isuntza A izan zen azkarrena, eta 16 segundo eta 22 ehunenera amaitu zuen Isuntza Bk. Laugarrena izan zen Ondarru A, irabazlearengandik 33 segundo eta 74 ehunenera. Ondarru C zazpigarren eta Ondarrru B hamargarren geratu ziren.
Mutiletan Deustu A lehenengoarengandik bi segundo eta 77 ehunenera, bigarren amaitu zuen Isuntza Ak. Zierbena A izan zen hirugarrena. Eskualdeko gainontzeko batelei dagokienez, Isuntza B bosgarren, Ondarru B zazpigarren, Isuntza C hamabigarren eta Ondarru A hamahirugarren geratu ziren.
Bestalde, gazteen kategorian, emakumezkoetan Ondarru A nagusitu zen, hamar minutu, 28 segundo eta 29 ehunen eginda. Isuntzaren talde bakarra laugarren sartu zen, lehenengoarengandik 51 segundo eta 77 ehunenera. Ondarru C eta Ondarru B seigarren eta zazpigarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Gizonezkoetan Elantxobeko batela izan zen azkarrena: 09:50.90. Bederatzi segundo eta 71 ehunenera amaitu zuen Ondarruk, eta Kaiku sailkatu zen hirugarren, Elantxoberengandik hamahiru segundo eta 72 ehunenera.