Sarai Larrinaga etxebarritarrak brontzezko bigarren domina lortu du
Asteburuan Bartzelonan (Herrialde Katalanak) lehiatu den 18 urtez azpiko Espainiako Txapelketan parte hartu du Durango Kirol taldeko atleta gazteak. Oraingoan pisu jaurtiketan irabazi du domina.
Sarai Larrinaga Lejardik beste brontzezko domina bat lortu du Espainiako txapelketan. Pisu jaurtiketan izan da oraingoa. Asteburuan jokatu da Bartzelonan (Herrialde Katalanak) 18 urtez azpiko Espainiako Txapelketa pista estalian eta errekor berria ere ezarri du Etxebarriko atleta gazteak.
Bizkaiko 18 urtez beherakoen pisuko markarik hoberena hobetu du Durango Kirol Taldeko atletak. Urte luzez mantendu da Arantza Morenok lortutako 13,23 metroko errekorra; Larrinaga iaz asko hurreratu zen 13,20 metroko marka eginez, eta aurten aise gainditu du. Denboraldi honetan birritan hobetu du errekorra gainera, 13,39 metrotan lehenengo, eta zapatuan [martxoak 13] Bartzelonan egindako jaurtiketan berriro ere, 13,54 metroko marka eginda.
Durango Kirol Taldeko arduradunak “oso pozik” agertu dira atleta gazteak egindako neguko denboraldiagaz, eta bere buruagaz daukan segurtasuna azpimarratu dute. “Ibilbide luzea dauka aurretik”, esan du Juan Ignacio Sampedro Durango Kirol taldeko arduradunak. Jakitera eman duenez, Sampedro beragaz hasi zen entrenatzen, baina Basauriko entrenatzaile bat dauka orain, eta hobekuntza handia nabaritu diote, batez ere bere buruarenganako konfiantzan.
Zapatukoa neguko azken lehiaketa izan da Larrinagarentzat. Orain atseden hartu eta udako denboraldia prestatzen hasiko da.