Mikel Urreizti Santos: "Fantasia klasikoko eleberrietan inspiratuta dagoen eleberri bat da nirea"
Madrilen bizi den mutrikuarrak betidanik izan du idazteko zaletasuna, eta ogibidez informatikaria baldin bada ere, lehenengo eleberria kaleratu du: 'El colgante de rubi'.
El colgante de rubi lehen eleberria kaleratu berri duzu. Nolatan eman duzu eleberri bat kaleratzeko pausoa?
Informatikari modura egiten dut lana, eta idaztea hobby bat bezalakoa izan da niretzat. Baina joan zen urtean gertatu zen denarekin, idazten hasteko unerik onena zela iruditu zitzaidan. Denbora asko egon nintzen etxean sartuta, eta nuen denbora hori guztia ahalik ondoen aprobetxatzeko une egokia zela iruditu zitzaidan. Idazten hasi nintzen, baina idazten nuen hori era profesionalago batean idazten saiatu nintzen, argitaratzeko ideiarekin buruan. Egia esan, txip-a aldatu zidan etxealdiak, ordura arteko dena birplanteatu nuen, eta hortik irten zen proiektu hau ere.
El colgante de rubi idazteko ideia itxialdian edo arinagotik zenuen gauza bat da?
Lehenagotik nuen ideia buruan bueltaka. Idazteko gogoa dudanari buruzko ideak jasotzen joaten naiz; egia esan, hainbat ohar eta ideia gordeta dauzkat kaxoian. Itxialdian zer edo zer idazteko asmoa hartu nuenean, zerrenda horri begirada bat eman nion, eta ideia honekin egin nuen topo. Ideia asko gustatu zitzaidan, eta honekin hastea erabaki nuen.
Fantasiaz, akzioz, magiaz, misterioz eta abenturaz betetako proposamenarekin zatoz. Ze adin tarteri dago zuzenduta?
Batzuek uste dezaketenaren kontra, ez da umeentzako liburu bat. Heldu batek gozatzeko moduko liburua da, ez dauka haurrentzako ukiturik. 16 urtetik aurrerakoei zuzendutako liburu bat dela esango nuke, egia esan, nahikoa indarkeria dauka, eta sexuarekin zipriztindutako eszena batzuk ere badaude.
Eleberria irakurtzeko aukerarik izan ez duenari, zelan aurkeztuko zenioke?
Eraztunaren Jauna moduko fantasia klasikoko eleberrietan inspiratuta dagoen eleberri bat da. Abenturako pertsonaia nagusia xaman bat da. Xamanak egiteko bat dauka, eta hasieratik egiteko hori sekretuz beteta dago, ez da egi guztia hasieratik jakitera ematen. Igartzen da ezkutatu egiten dituela gauza batzuk, eta egiteko hori lortzeko lagun batzuk topatu beharko ditu. Soldadu eta lapur baten laguna egiten da, eta kontratatu egiten ditu berarekin batera Ukala abentura gertatzen den fikziozko erreinuan zehar bidaia egiteko. Erreinua zeharkatzen duten heinean, arrisku desberdinei aurre egiten doaz helmugara heldu arte.
Istoriari dagokionez, hasiera batean pentsatu bezala amaitu zenuen?
Liburuan agertzen den pertsonaia nagusienetako bat hasieran pare bat momentutan agertzeko asmoa nuen. Baina pertsonaia garatzen hasi nintzenean gauza gehiago egiteko ahalmena bazuela konturatu nintzen. Azkenean pertsonaia horrek pertsonaia nagusietako bat izaten amaitu du.
Kapituluei dagokienez, era berezi batean daude banatuta?
Berezitasun bat daukate, eta ez da nahita egindako gauza bat izan. Gero konturatu nintzen, liburua irakurtzen nengoela. Ez dakit zergatik, baina idazten ditudan ia kapitulu guztiak hiru ekitalditan geratzen zaizkit beti. Beti hasten naiz zer edo zer kontatzen, kapitulu erdian beste zer edo zer pasatzen da, eta klimaxarekin amaitzen da kapitulua.
“Lehen liburu honek trama asko ditu, eta ia gehienak itxi baditut ere, nahikoa gauza airean utzi ditut istorioari jarraipena emateko moduan”
Zure lehen eleberriak, dirudienez, jarraipena ere edukiko du.
Nire asmoa, hasiera batean, liburu bakarra argitaratzea zen; ez nekien esperientzia zelan joango zen, eta atzetik liburu gehiago idatziko banituen ere. Hori dela eta, istorioa nahikoa itxita geratzea nahi izan nuen. Lehen liburu honek trama asko ditu, eta ia gehienak itxi baditut ere, nahikoa gauza airean utzi ditut istorioari jarraipena emateko moduan. Lehenengo liburuak eduki duen erantzunarekin pozik nagoenez eta irakurri duen jendeari ere asko gusta zaionez, bilduma bat osatzen saiatuko naiz.
Asmo sendoekin hasi duzu idazle ibilbidea.
Beharbada gogorregi hasi naiz. Harry Potter edo Eraztunaren Jauna moduko saga luzeak irakurtzea oso gustuko dut. Idazteko ideiarekin buruari bueltak ematen hasi nintzenean sortu zitzaizkidan ideia guztiak luzeak izan ziren, denboran garatzen joatekoak. Buruan nituen ideia horiek guztiak liburu batean sartzea ere oso zaila izango litzateke, eta horregatik zatitu egin behar izan ditut. Lau liburuk osatuko dute Mundo oscuro deritzon bilduma, eta dagoeneko pentsatuta daukat liburu bat zelan hasi eta amaituko den, eta argumentuak zelan jarraituko duen hurrengo liburuan ere.
Orain zer prozesutan zaude?
Las torres de la alquimia bigarren eleberria izango dena idazten duela hilabete inguru hasi nintzen. Lehenengo liburua idazten nenbilenetik bigarren honek zelan jarraituko zuen eta zelan egituratuta egongo zen buruan eduki dut. Lehenengo liburua bukatu ondoren hasi nintzen bigarrenari forma ematen. Orri baten aurrean jarri eta eskema bat egin nuen. Gutxi gorabeherako eskema bat daukat, baina, egia esan, inoiz ez dut ezer itxita uzten. Orain momentuan gutxi daukat idatzita, baina lehenengoa baino pixka bat luzeagoa izango dela kalkulatuta daukat. Egia esan, bilduma osatuko duen lau liburuetako bakoitzean, gutxi gorabehera, istoriaren zer zati kontatuko dudan antolatuta daukat.
“Argitaletxeek eskari asko jasotzen dituzte, eta banekien ez zidatela kasurik egingo. Foro askotan ikertzen aritu nintzen, eta tartean norberak bere liburua autoekoizten duen argitaletxeen berri eduki nuen”
Zure ohiko lana eta idaztea zelan uztartzen dituzu?
Dena ondo antolatzean datza. Denbora librea daukadan bakoitzean idazten ahalegintzen naiz, batez ere, asteburuetan. Ordenagailu aurrean ipini eta orri batzuk idazten saiatzen naiz. Egun batzuetan hori lortzea ez da erraza izaten baina, gutxienez, ordenagailu aurrean jarri eta zerbait idazten saiatzen naiz. Astebukaeretan, gutxienez, 2 edo 3 ordu eskaintzen dizkiot idazketari. Lanegunetan, berriz, ahal dudan moduan antolatzen naiz. Gogoaren eta nekearen arabera, idazteko aukera edukitzen dut ala ez.
Idazle hasiberrientzako liburu bat argitaratzea ez da erraza izaten. Zelan lortu duzu hor munduan sartzea?
Aukera desberdinak aztertzen ibili nintzen, eta ez neukanez ordura arte ezer kaleratuta, ez nuen pentsatu ere egin argitaletxe batekin kontaktatzea. Argitaletxeek eskari asko jasotzen dituzte, eta banekien ez zidatela kasurik egingo. Foro askotan ikertzen aritu nintzen, eta tartean norberak bere liburua autoekoizten duen argitaletxeen berri eduki nuen. Inbertsio bat egiten duzu, eta argitaletxeak bestelako zerbitzuak eskaintzen dizkizu: zuzenketak, maketazioa, azala egitea eta halako gauzak. Circulo rojo argitaletxearen bitartez argitaratu dut lehen lana, eta ziuraski eurekin argitaratuko ditut hurrengo hiru liburuak ere.
Liburua non topatu daiteke?
Liburua formatu digitalean zein paperean erosteko aukera dago. Amazon edo La casa del libro moduko plataforma askotan dago eskuragarri.