Lekeitiar bat hil da Bermeoko Gaviota plataforman gertatutako lan istripuan
Lan istripua salatzeko elkarretaratzea egin dute Lekeition. Sindikatuen zenbaketaren arabera, 2021ean lanean hil den hamabigarren behargina da.
Oraindik argitzeke dauden arrazoeingatik 50 urteko langile lekeitiarra plataforma hornitzen duen itsasontzi batetik uretara jausi zen martitzenean [martxoak 16]. Ertzaintzak esan duenaren arabera, 18:00ak aldera gertatu zen ezbeharra. Lankideek zauritua uretatik atera zutenean konorte barik zegoen, eta ostean, Bermeoko portura eroan zuten beste ontzi batean. Larrialdi zerbitzuek portuan bertan zauritua hil egin zela baieztatu zuten; gorpua Bilboko Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman zuten autopsia egiteko.
Herritarraren heriotza salatzeko mobilizaziak deitu dituzte. Prekarietatea hiltzailea. Lan istripuetan erailketarik ez! lelopean elkarretaratzea egin dute gaur [martxoak 17] Lekeition. 19:30ean Eskolapean batu dira herritarrak. LAB sindikatuaren arabera, Bermeon zendutako langileagaz, Euskal Herrian hamabi dira gutxienez aurten lan istripuz hildako langileak. Twitter bidez zabaldutako mezu batean adierazi dute urtea hasi denetik ez dagoela asterik lan “istripu hilgarririk” barik: “Intzidentzia metatu larri honen aurrean, erakundeek noiz hartuko dituzte premiazko neurriak?”.
Lurpean zegoen gasa amaitu zenetik, gaur egun gas naturalaren biltegi bat da Bermeoko kostaldeko azpiegitura ezaguna. Enagas enpresak kudeatzen du. Kostaldetik zortzi kilometro ingurura dago, eta plataforma ontziz hornitzen badute ere, langileak helikopteroz joaten dira instalaziora.
HONEKIN LOTUTA: Lan istripua salatzeko manifestazioa, Lekeition