Lekeitioko eskolan karpa erraldoi bat jarri dute estalitako eremua handitzeko
Une bateko irtenbidea izango da, udalaren asmoa aterpe finko bat eraikitzea baita. Karpagaz gain, beste hainbat lan egingo dituzte udan, eraikinak hobetzeko.
Lekeitioko Udalak 15×25 metroko karpa bat jarri du Eskola Publikoko jolastokian ikastetxeko azalera erabilgarria handitzeko. Azaldu dutenez, nahiz eta Lekeitioko eskola eremuak nahikoa azalera eduki talde desberdinak bereizita egoteko, eremu guzti horretan 190 metro koadro daude estalita bakarrik. Hori dela eta jarri dute karpa koloreetako eraikinaren eta eraikin gorriaren artean.
Une bateko irtenbidea izango da, udalaren asmoa aterpe finko bat eraikitzea baita. Izan ere, Eskolako eraikin bien artean aterpe finko bat eraikitzeko konpromisoa hartu zuen udal gobernuak Eskola Publikoko Ikas Komunitateak aspalditik zeukan eskaerari erantzuteko, eta proiektuaren idazketa martxan daukatela jakitera eman du udalak.
Karpagaz gainera, beste hainbat lan ere egingo dituzte aurten ere, eskolako eraikinetan iriste erraztasuna, eraginkortasun termikoa, irazgaiztasuna eta segurtasuna hobetzeko. Alde batetik, iaz hasitako itxitura hesia berrizteko lanekin jarraituko dute, eta aurreratu dutenez, tarte horretan dauden oinezkoentzako ate biak ere aldatuko dituzte. Bestalde, koloreetako eraikinaren terrazako karelen altuera handituko dute, erabilpen segurua bermatzeko; estalkiaren zati baten lamina berria jarriko dute uren filtraziorik ez egoteko eta eraginkortasun termikoa hobetuko dute berokuntza sistemarako elementuak berrituz.
Ohi modura, hobekuntza lan horiek udan egingo dituztela zehaztu dute, eskolako jardunean ez eragiteko. Lan horien guztien kostua 95.418,83 eurokoa izango da.