Astelehenerako Zaldupe atzeko aparkalekua hustu behar da
Aparkalekuko zuloak estali eta behegainea berdintzeko astebete inguru beharko dute. Lanen bigarren faseari urte amaieran ekingo diote; orduan asfaltatuko eta urbanizatuko dute gunea.
Astelehenean [martxoak 22] Zaldupe atzea asfaltatzeko eta urbanizatzeko lehen faseko lanekin hasiko dira, baina horretararako aparkaleku modura ibiltzen den eremu guztia hustuta egon behar dela jakitera eman dute. “Astelehen goizerako ezingo da ibilgailurik egon”. Lanak astebete inguruan amaitzea aurreikusten dute, baina eguraldiak baldintzatuta egongo direla gaineratu dute. “Lanak egiteko behegainea ezin da behar baino bustiagoa egon”.
Hasieran batean, harri txiki geruza bat botako dute, ostean trinkotu eta dauden zulo guztiak estaliko dituzte behegainea laua lagatzeko. “Udalaren asmoa baimendutako eremua behin betiko asfaltatzea eta urbanizatzea zen, baina bisoi europearraren ugalketa garaia martxotik aurrera denez, ingurumen sailak ez du baimendu egingo direnak baino bolumen gehiagoko lanik egitea. Momentuz egiten uzten diguten guztia aurreratzen hasiko gara”.
Udalak iragarri dutenez, urte amaieran asfaltatu eta urbanizatuko dute aparkalekua, lanen bigarren fase batean. Zehaztu dute behin betiko lanak amaitu ostean 180 bat ibilgailu sartzeko lekua egongo dela. “Ea 200 ibilgailurentzako aparkalekua sortzeko moduan gauden”. Eremuan autokarabanentzako aparkalekuak egingo dute, eta atzeko aldean txakurrentzako prestatutako jolas gune bat.
Zaldupe atzeko gunea eremuka dago antolatuta: Eusko Jaurlaritzaren Ura agentziak eskuduntza duen eremua (1), Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasunaren eta Ingurumen Naturalaren zaintza sailak eskumena duen eremua (2) eta Espainiko Gobernuaren Kosta mugaketarena (3). Hala, lehen bi faseetako lanak Uraren eta aldundiaren eremuetan egingo dituzte, erakunde horiekin adostasun batera ailegatu ostean; 180.000 euroko aurrekontua edukiko dute. Hirugarren fase batean, ostera, Espainiako Gobernuaren Kosta mugaketaren eremuan egin nahi dira lanak, baina horretarako hitzarmena adostu beharko dute Espainiako Gobernuagaz; “horren araberakoa izango da aurrekontua”.