AstraZenecaren txertoa "segurua eta eraginkorra" dela ebatzi du Sendagaien Europako Agentziak
Tronbosiekin harremana edukitzea ukatu dute. Txertoaren onurak kalteak baino "askoz gehiago" direla gehitu du agentziak.
EMA Sendagaien Europako Agentziak AstraZenecaren txertoaren eraginkortasuna baieztatu du. Emer Cooke EMAko zuzendariak adierazi du txerto hori “segurua eta eraginkorra” dela, eta bere onurak kalteak baino “askoz gehiago” direla. Cookek azaldu du eskura dituzten datu guztiak aztertu dituztela eta ondorio “argia” atera dutela; txertoa segurua dela, alegia.
“Ez da ziurtatu txertoak tronboak areagotzen dituela. Hala ere, ziurgabetasunean jarraitzen dugu, kasu arraro batzuk aztertu ditugu, baina ez dugu ondorioztatu kasu horiek txertoak eragin dituela: aztertzen jarraituko dugu. COVID-19ak berak tronbosiak eragin ditzakeela kontuan hartuta, esan daiteke txertoak arrisku horiek gutxitzen dituela”. AstraZenecaren eraginkortasunaren eztabaidan bide bat zabaldu du EMAk. Izan ere, asteon Europako zenbait estatuk bertan behera utzi dute txerto horren azken sortaren txertaketa kanpaina, zenbait txertatuk izan dituzten tronbosiekin zerikusia izan dezakeelakoan. Euskal Herrian ere, bertan behera gelditu da txertaketa behin-behinean.