Bruselak prest dauka izurrialdiko turista txartela
Txertatzea ez da beharrezkoa izango agiria eskuratzeko, nahikoa izango da PCR bat. Zenbait gobernu eta eragile kexu dira: uste dute goizegi dela turismoari ateak irekitzeko.
Udako turismo kanpaina salbatu nahi du Bruselak, eta, horretarako, prest dauka “pasaporte immunitarioa”, Europako Batasuneko herrialdeen artean bidaiatzea erraztuko duen ziurtagiria. Atzo [martxoak 17] aurkeztu zuen Ursula von der Leyenek, Europako Batzordeko buruak. Azaldu zuenez, agiria doakoa izango da, eta formatu digitalean edo paperean emango dute. Horretan, adieraziko da bidaiaria txertaturik ote dagoen, gaitza pasatu eta antigorputzak ote dituen, edo PCR bat egin duen eta negatibo eman ote duen. Egitasmoa abian jarri aurretik, baina, EBko kide diren estatuen eta Europako Parlamentuaren oniritzia jaso beharko du proposamenak.
Von der Leyenen esanetan, osasun pasaportearen helburua da “mugimendu askatasuna pixkanaka berreskuratzen hastea, era seguruan”. Batzordeko Justizia komisario Didier Reynderrek, ordea, udako hilabeteetako bidaietan jarri zuen arreta, askatasunean baino: “Agiri digital honen bidez bermatu nahi dugu Europako herritarrak eta beren senideak gai izango direla uda honetan bidaiatzeko, segurtasunez eta murrizketarik txikienekin”. Pasaportea ekainerako onartu nahi luke Reynderrek, “udako denboraldi turistikoa hasten denerako”.
QR kode erara banatuko da agiria, eta irakurgailu digital baten bidez emango du herrialde batetik bestera pasatzeko baimena
Batzordeko arduradunek zehaztu zutenez, agiriak “ez ditu diskriminatuko txertorik hartu ez dutenak”, nahikoa izango baita PCR edo antigeno test negatibo bat edukitzea bidaiatzeko. Sendagaien Europako Agentziak onartutako txertoak hartuko dituzte kontuan —Pfizer, Moderna, AstraZeneca eta Janssen, oraingoz—, baina estatu bakoitzaren esku egongo da beste txerto batzuekin immunizatutako bidaiariak ere onartzea, Errusiako Sputnik edo Txinako Sinopharm txertoak jaso dituztenak, esaterako.
QR kode erara banatuko da agiria, eta irakurgailu digital baten bidez emango du herrialde batetik bestera pasatzeko baimena. Europako Batasuneko herrialdeetan mugitu ahalko dira bidaiariak, eta baita Norvegian, Suitzan eta Liechtensteinen ere. Batzordeak estatuei eskatu die agiria duten bidaiariei trabarik ez jartzeko; hau da, helmugara iristean, ez ditzatela behartu berrogeialdia egitera.
“Arriskutsua da”. Askotariko erreakzioak eragin ditu immunitate pasaportearen proposamenak. Erabakia txalotu dute zenbait herrialdek —Espainiak eta Austriak, esaterako—, baina ezinegona eragin du beste askorengan. Proposamena kritikatu dute Frantziak, Belgikak, Hungariak eta Alemaniak. Hain zuzen, Angela Merkelek, Alemaniako kantzilerrak, “arriskutsu” deritzo turismoa berraktibatzeari, “herritar gehienak txertatuta egon arte, bederen”. Espainiako Osasun Publikoko Elkarteak ere itxoiteko eskatu du, “ziurtasun handiagoa izan arte”.