'Plastikoak goitibehera' proiektua aurkeztuko dute Mutriku BHI-ko ikasleek
Aurkezpen ekitaldia domekan [martxoak 21] egingo dute, 16:00etan, Goiko Plazan. Besteak beste, plastikoarekin egindako goitibehera sinbolikoa aurkeztuko dute.
Mutriku BHI-ko DBH4ko ikasleek ingurumenenarekin lotutako proiektua garatu dute Biologia-Geologia ikasgaian: Plastikoak goitibehera. Eta proiektuaren emaitza jendaurrean aurkeztuko dute domekan [martxoak 21]. “16:00etan, Goiko Plazan, plastikozko elementuekin egindako goitibehera sinbolikoa aurkeztuko dugu. Herritar guztiak gonbidatuta daude”.
Proiektuaren arduradunek zehaztu dutenez, mikroplastikoen eta plastikoen erabilerari buruzko proiektua izan da. Besteak beste, herriko tabernetan plastikozko botilak batu dituzte, baita Lilatoian ere. “Gutxi gorabehera, 60 bat ontzi batu ditugu eta horiekin osatu dugu goitibehera. Mutrikuk sekulako lotura dauka goitibeherekin, eta horregatik aukeratu genuen gai hori”.