Plastikoaren erabilerari buruzko kontzientziazio kanpaina kalera atera dute Mutrikun
Plastikoak goitibehera proiektuan egin duten lana jendaurrean aurkeztu zuen domekan [martxoak 21] Mutriku BHIko DBH4ko ikasle talde batek. Zehazki, Biologia-Geologia ikasgaian plastikoekin egin duten goitibehera sinbolikoa aurkeztera atera ziren Goiko Plazara. “Ordu horretan nahikoa jende gutxi ibili zen kalean, baina bertaratu zirenak oso interesatuta ikusi genituen. Gustura ibili ziren euren proiektuari buruzko xehetasunak ematen herritarrei”.
Proiektuaren arduradunek azaldu dutenez, mikroplastikoen eta plastikoen erabilerari buruzko proiektua izan da. Besteak beste, herriko tabernetan eta lilatoian jaso dituzten 60 bat plastikozko ontzi elkarrekin itsatsi eta osatu dute goitibehera. “Hurrengo egunetan goitibehera ikastetxeko jolastokira ere aterako asmoa dute. Hain zuzen ere, zentroko gainontzeko ikasleei ere proiektuaren nondik norakoen berri emango diete; euren jolas orduak horretarako baliatuko dituzte”.