Itzuliaren Ondarroako etapetaratako boluntarioak behar dituzte
Deialdiagaz bat egin nahi dutenek 18 urte baino gehiago eduki behar dute; domeka da [martxoak 28] izena emateko azken eguna. Datorren astean batzarra egingo dute aurkeztu diren guztiekin.
Aurrera Kirol Elkartea eta Ondarroako Udalak boluntario laguntzaileak behar dituzte Euskal Herriko Itzulia Ondarroatik igaroko den egunetarako. “Aurrera Kirol Elkarteak eta Ondarroako Udalak ezin ditugu guk bakarrik etapek sortzen dituzten beharrizan guztiak bete; ez daukagu nahikoa jenderik behar diren puntu guztiak betetzeko”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.
Zehaztu dutenez, apirilaren 9ko etaparen amaieran eta apirilaren 10eko etapa hasieran, besteak beste, sarrera-irteerak kontrolatzeko, ibilgailuak kontrolatzeko edo bideak ixteko behar dira boluntarioak. Hiru eremutan emango diete laguntza Udaltzaingoari eta antolakuntzari: apirilaren 9ko etapa Ondarroatik Lekeitioranzko bidean doanean, apirilaren 9ko etapa amaieran Zaldupen eta apirilaren 10ean herriko hainbat puntutan, irteeran zein herritik egin beharreko ibilbidean.
Boluntario lanetarako prest dauden herritarrek baldintza bakarra bete beharko dute: 18 urte baino gehiago edukitzea. “Izena ematen duten boluntario guztiekin batzar bat egingo dugu martxoaren 29tik apirilaren 2ko astean”. Izena eman nahi dutenek komunikazioa@ondarroa.eus posta elektronikora mezu bat bidali edo Alamedako bulegoetara hurreratu beharko dute; domeka [martxoak 28] izango da horretarako azken eguna. Izen ematea posta elektronikoz egiten dutenek honako datuak bidali beharko dituzte:
- Izen-abizenak.
- NAN zenbakia.
- Telefono zenbakia.
- Gidabaimena duen ala ez.
- Boluntario lanak egiteko prest dagoen eguna edo egunak.
Ikurrinak balkoietan. Itzulia Ondarroara datorrela eta, gainera, apirilaren 9an eta 10ean balkoietan ikurrinak jartzera animatu nahi ditu herritarrak udalak. “COVID-19 dela eta, lasterketa eremuan ezingo da zalerik egon. Herria girotzeko beste era bat izango da honakoa”.