Mutrikuko elkarbizitza eta kulturartekotasun mahaia eratzeko bilera antolatu dute
Euskal Herritik eta atzerritik Mutrikura etorritakoak gonbidatu dituzte ekitaldira, baita herrian bertan jaiotakoak ere. Eguaztenean [martxoak 24], 18:30ean, Zabiel kultur etxeko areto nagusian batzeko deia egin dute.
Mutrikuko udal ongizate sailak elkarbizitza eta kulturartekosun mahaia eratzeko prozesuan murgilduta jarraitzen du. Bide horretan, mahai hori osatu nahi duten herritarrekin bilera egingo du eguaztenean [martxoak 24], 18:30ean, Zabiel kultur etxeko areto nagusian. Azpimarratu dutenez, Mutrikun bizi diren kultura, hizkuntza eta talde ezberdinetako herritarrak batu nahi dituzte batzarrean. “Ikuskera, pentsamolde eta kultura ezberdinak batuko dituen lantalde bat sortu nahi dugu, Mutriku abegikor eta inklusiboago bat eraikitzeko”.
Lan talde horretan mutrikuar guztien beharra dutela gaineratu dute; Euskal Herritik eta atzerritik Mutrikura etorritakoak gonbidatu dituzte ekitaldira, baita herrian bertan jaiotakoak ere. “Etorri zaren lekutik etorrita ere, lan talde honetan behar zaitugu. Hurbiltasunetik eta aurrez aurre landutako proiektu anitz bat osatzea nahi dugu. Gure asmoa denon artean eta era kontziente batean mutrikuarrontzako Mutriku bat egitea da”.
Ahalik eta deirik zabalena egiteko asmoarekin sei bideo zabaldu ditu udalak, denak ere hizkuntza desberdinetan. Jatorri ezberdinetako sei mutrikuar aukeratu dituzte bideo horietako protagonista modura. “Batzar horretara gonbidatu nahi ditugun horierangana iristeko bide egokia iruditu zaigu”.