Mutrikuko Jardunaldi Feministei buruzko irakurketa positiboa egin dute
Osasun egoera kontuan hartuta, jardunaldiek adin eta jatorri askotariko jende asko erakarri dute Mutrikura. Bertaratu direnek askotariko ekintzekin gozatu dute eta, bien bitartean, hausnarketarako tarte bikaina eduki dute.
Azken lau egunotan feminismoaz blai egon da Mutriku. Haztera goaz lelopean estreinako egin diren Jardunaldi Feministak amaitu berri dira, eta antolatzaileek horiei buruzko balorazio ezinhobea egin dute. Osasun egoera kontuan hartuta, jardunaldiek eduki duten parte hartzearekin pozik agertu dira. “Erantzuna erabatekoa izan da. Nahikoa jende batu da antolatu ditugun bederatzi ekintzetan. Herriko jendeaz gain, inguruko herritako jendea ere etorri da jardunaldietara”. Gaineratu dutenez, adin oso desberdinetako jendeak parte hartu du. “80 urtetik gorako andre batek 20 urteko neska bat eduki du alboan”.
Jardunaldien helburu nagusia Jabekuntza Eskolaren sortze kolektiboa izan dela gogorarazi dute. “Bide horretan aurreneko pausoa izan da hau. Antolatu ditugun jardunaldi hauen bidez etorkizunean irudikatu nahi dugun eskola horretan egingo ditugun gauza ezberdinak nolabait ikusten hasi gara azken lau egunetan”.
Feminismo anti-arrazistatik eragiten, proiektuak ezagutzen mahai ingurura bertaratu zirenek “bereziki hunkituta” irten zuten
Ekintzei dagokienez, inaugurazio ekitaldia arrakastatsua izan zela nabarmendu dute. Itzaletik argira: Mutrikuko emakumeen lanaren aitortza eta aldarrikapena proiektuaren aurkezpenak erantzun oso ona eduki zuen. “Institutuko ikasleek egin zuten aurkezpenak jende askoren arreta bereganatu zuen. Aretoa osorik bete zen eta sarrera gabe geratu zirenak erakusketa aretoan birkokatu genituen; pantalla bat jarri genuen eta areto nagusian gertatzen zena zuzenean ikusteko aukera eduki zuten”.
Maitelan eta Malen Etxeko zaintza zerbitzuetako langileek eskini zuten mahai ingurua ere “berezia” izan dela esan dute. “Eurek bizi duten errealidate gordinari buruz aritu ziren Feminismo anti-arrazistatik eragiten, proiektuak ezagutzen mahai inguruan. Bertan batu zirenak, bereziki, oso hunkituta laga zituzten; baten baino gehigoren barrenak mugitu zituzten”.
Jardunaldien itxiera ekitaldia ere berezia izan zela agertu dute. EMAko kideen bertso musikatuek eman zien hasiera ekitaldiari eta ostean, Ainhize Azpiazu Berdintasun zinegotziak jardunaldiei buruzko balorazio orokor bat egin zuen. Umore puntu batekin agurtu zituzten jardunaldiak, Erradikalak ginen, gara eta izango gara antzerkiarekin.