Cikautxok diruz lagunduko die udan ingelesa, frantsesa edo alemana ikasiko duten gazteei
Cikamintza bekak 2003tik 2007ra bitartean jaiotakoei zuzenduta daude. Laguntza jasotzeko baldintzak dira Lea-Artibain bizi eta erroldatuta egotea eta euskara menperatzea. Eskaerak maiatzaren 14ra arte egin daitezke.
Beste behin ere Cikautxok Cikamintza bekak emango dizkie uztaila-abuztuan ingelesa, frantsesa edo alemana ikasi nahi duten gazteei. Gehienez ere pertsonako 450 euroko diru laguntza emango du kooperatibak. Laguntzak eskatzeko hiru baldintza bete behar dira: 2003tik 2007ra bitartean jaiotakoa izatea, azken hiru urteetan Lea-Artibain bizi eta erroldatuta egotea eta euskara menperatzea. Eskaerak maiatzaren 14ra arte egin daitezke, Internet bidez.
Hizkuntzak ikasteko moduari dagokionez, aukera ezberdinak daudela esan dute: Internet bidezko formakuntza, klase partikularrak, hizkuntza eskolak… Hori bai, esan dute beka kopurua baino eskaera gehiago jasoko balute, 2019an beka jasotakoak zozketatik kanpo geratuko liratekeela. “Beken ordainketa justifikazioa jasotzean egingo da”, esan dute.
Aurkeztu beharrekoa: Nortasun Agiria eskaneatuta, Lea-Artibain hiru urtez erroldatuta dagoela bermatzen duen udal agiria eta euskara menperatzen dela adierazten duen ziurtagiria (matrikulatutako zentroak egindakoa).
Beken inguruko zalantzak argitzeko edota informazio gehiago jasotzeko, posta elektronikoz idatzi ahal dela esan dute: cikamintza@cikautxo.com.