Lekeitioko Udalak eta Zinemazaleak elkarteak elkarlanean jarraituko dute
Kultur jarduerak kudeatzen jarraitzeko beste urte beterako hitzarmena sinatu dute. Ikusgarriko bionboak aldatzeko eskaria ere egin diote Zinemazaleek udalari.
Hitzarmen horretan jaso dute bai eta ere Ikusgarri aretoa hobetzeko proposamena. «Aretoak zer edo zer behar badu, beti saiatzen gara hitzarmen horretan sartzen», azaldu du David Madarieta Lekeitioko Zinemazaleak elkarteko lehendakariak. Esplikatu duenez, zinemako bionboak zaharrak dira eta ez dira seguruak. Hori dela eta, horiek aldatzea eskatu diote udalari.
Apurka-apurka. Kultur arloagaz lotutako guztiek bezala, pandemiaren eragina nabaritu dutela aipatu du Madarietak; iazkoa oso urte zaila izan zuten. Baina, osasun egoera hobetzeak ikuskizunak antolatzeko aukera eman die berriro ere. Dena dela, ekimenak hiletik hilera antolatzen ari direla zehaztu du, “neurriak direla eta, atzeratu beharrik ez izateko”.
Zinemari dagokionez, ikusle kopuruak behera egin duela azaldu du, beharbada pandemiaren aurrean dagoen beldurraren ondorioz. Kasu puntualak kontuan hartu barik, emanaldi bakoitzeko, bataz beste, 50 ikusle izaten dituzte Ikusgarrin. Alderantziz, beste kultur ekimenetara jende gehiago joango litzatekeela ikusten dute, baina edukiera erdira murriztuta dago.
Apirileko programazioa datozen egunetan itxiko dute. Madarietak aurreratu duenez, film berriez gain, Dardara dokumentalaren emanaldia eta Bulego taldearen kontzertua eskainiko dituzte besteak beste.