EAJk eta PSEk pandemiaren aurkako lege egitasmoa erregistratu dute
Talde sustatzaileen arabera, izurriaren aurka jarduteko "lege mekanismoak" edukitzea ekarriko du legeak: "Autogobernuari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko tresna da".
EAJk eta PSEk gaur [martxoak 26] erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurrien lege proposamena. Lege horri esker, Eusko Jaurlaritzak “berme juridiko osoarekin” hartu ahal izango ditu birusa geldiarazteko egokitzat jotzen dituen erabakiak. Haien arabera, autogobernuari “ahalik eta etekinik handiena” ateratzeko tresna da, eta izurriaren aurka jarduteko “lege mekanismoak” eskura jartzen dizkio Eusko Jaurlaritzari. “Arau hau idazteak oso argi uzten du ez gaudela edozein epidemia egoeratan ezarri beharreko lege orokor baten aurrean. Pandemia honen premiazko beharrei erantzuten die, bereziki”, esan dute EAJk eta PSEk.
Luis Javier Telleriak (EAJ) eta Ekain Ricok (PSE) sinatu dute lege proposamena, eta presaz tramitatzeko eskaera egin dute bi taldeek. Ondorioz, ohiko prozedurarako ezarritako denborak erdira murriztuko dira. Jeltzaleen eta sozialisten asmoa da ekinbidea Eusko Legebiltzarreko jarduna amaitu aurretik onartzea, hau da, ekainaren 24a baino lehen. Horretarako, ezarritako epe guztiak erdira murriztu beharko dira.
Helburuen artean ezarri da 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 60 kasutik behera kokatzea
Lege egitasmoak sei titulu ditu, eta horietan aurreikusita daude bost agertoki, sei adierazle epidemiologiko, eta arrisku maila bakoitzari egokitutako osasun eta prebentzio neurriak. Eusko Jaurlaritzaren Bizi Berri Plana lege egitasmoan txertatuta dago, eta helburuen artean ezarri da 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 60 kasutik behera kokatzea. Helburu hori lortzeko pausoen eta COVID-19aren bilakaeraren berri hamabost egunean behin eman beharko dio Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrari, lege proposamenak jasotzen duenez. Halaber, arauak ezartzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan krisia kudeatzeko laguntza teknikoko talde bat eratuko dela, lehendakariak izendatuta eta gidatuta.