Geoparkeak 1.200 bisita gidatu eskainiko ditu denboraldi berrian
Geoparkea oinez edota itsasontziz ezagutzeko hamabost bisita gidatu ipini dituzte bisitariaren eskura. Mutrikuko, Debako eta Zumaiako bisita kulturalak ere indartuko dituzte.
Gaur [martxoak 26] Zumaian egindako ekitaldiarekin eman diote hasiera bisita gidatuen hamaikagarren denboraldiari. Abenduaren 30era arte luzatuko den denboraldian Geoparkea oinez edota itsasontziz deskubritzeko hamabost bisita gidatu ipini dituzte bisitariaren eskura. Geoparkearen webgunearen bidez jaso daiteke informazio osoa, baita erreserbak egin ere.
1.200 bisita gidatu egingo dituzte guztira. Osasun krisi egoera kontuan hartuta, irteera guztiak COVID-19 protokoloetara egokitu dituzte, beharrezko segurtasun neurri guztiak bermatzeko. Besteak beste, audiogiden ordez mugikorrean pistak deskargatzeko aukera emango zaie bisitariei eta turismo bulegoetan datafonoak ipini dituzte erreserba prozesua errazteko.
Bisita kulturalez gain, ohiko bisita gidatuak ere eskainiko dituzte
Euskal Kostaldeko Geoparkeak duen balio natural eta geologiko ikusgarria ez ezik, duen ondare kultural garrantzitsua ere ezagutzera emango dute ondorengo hilabeteetan Mutrikun, Deban eta Zumaian. “Geoparkea bere ondarearen aberastasuna dela-eta da ezaguna nazioartean. Flyscha da munduko mapan kokatzen gaituen altxor geologikoa baina, era berean, ondare kultural benetan interesgarria gordetzen du gure lurraldeak; gure kultura eta tradizioak ezagutzera emateko asmoarekin osatu dugu aurtengo irteera gidatuen programa”.
Zentzu horretan, Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako bisita kulturalak indartzea izango da aurtengo Geoparkearen erronka nagusia. Arrietakua Jauregia eta Mutriku marinela irteerak indartuko dituzte Mutrikun, Gotikoaren altxorra irteera gidatua Deban eta Euskararen enigma eta Flyscheko olagarroa Zumaian.
Aurtengo helburua bisita kulturalak indartzea bada ere, ohiko bisita gidatuak ere eskainiko ditu Geoparkeak: itsas ibilaldiak, barnealdeko bailara ezkutuak ezagutzeko ibilbideak, familiartean egiteko proposamenak… Bisita horiek guztiak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dituzte, eta eskaera handiagoa den irteeretan audiogidak ere egongo dira eskuragarri ingelesez, frantsesez eta baita alemanez ere.