Mutrikuko Udaleko zinegotzi kargua hartu du Ane Urkirik
Haizea Egaña gazteria zinegotziak lagatako lekua beteko du. 27 urte ditu eta lanbidez kazetaria da.
Ane Urkiri Ansolak zinegotzi karguari zin egin zion egueneko [martxoak 25] ohiko osoko bilkuran. Haizea Egaña Beristainek EH Bilduko zinegotzi ohiak lagatako hutsunea beteko du Mutrikuko udalbatzan; otsaileko osoko bilkuran ofizialki zinegotzi izateari uko egin zion, “kargua lanarekin bateragarria ez zelako”. 27 urte ditu Urkirik, eta lanbidez kazetaria da; gaur egun Naiz hedabidean kirol arloko arduraduna da eta beste hainbat hedabiderekin ere kolaboratzen du.
Egañak zituen ardurak bere gain hartuko ditu; zehazki, gazteria arloaren ardura edukiko du. “Herritarron ahotsa udalean kontutan hartzen saiatuko gara. Nire kasuan, gazteriaren ahotsarekin ibiliko naiz, eta euren kezkak eta alternatibak zeintzuk diren hobetzen saiatuko naiz”, azaldu zuen kargua hartzean.
Kargua zin egin orduko Joseba Palenzuela alkateak “zorterik onena” opatu eta ongietorria eman zion udalbatzara; gainerako zinegotziek ere txalo artean eman zioten ongietorria. EH Bilduren zerrendan Urkiri bederatzigarren joan zen 2019ko hauteskundeetan, eta alkateak zehaztu duenez, zerrendan hurrengo zegoenak kargua hartzeari uko egin ostean hartu du kargua. “Egañak bere ukoa aurkeztu zuen, eta hark lagatako aulki hutsa betetzeko EH Bilduren zerrendan hurrengo postuan zegoen Jon Naberanek ere uko egin zion kargua hartzeari. Zerrendako hurrengoa zen Urkiri”.