Korrikaren aldeko ekimena antolatu dute Lekeition
Amandarri itsasargitik Santa Katalina itsasargiaren bitartean "euskararen alde" aringa-aringa egitea proposatu dute eguaztenean [martxoak 31].
Amandarri triatloi taldeak antolatuta, Korrikaren eta AEKren alde dirua batzeko ekimen berezia egingo dute eguztenean [martxoak 31] Lekeition. 18:30ean hasita, Amandarri itsasargitik Santa Katalina itsasargiaren bitartean “euskararen alde” aringa-aringa egitea proposatu diete herritarrei. “Talan hasiko gara aringa-aringa Amandarri itsasargiaren parean, eta ordu eta erdiz, itsasargi batetik bestera gora eta behera ibiliko gara. 20:00ak arte bakoitzak bere erritmoan euskararen alde ahalik eta aringa-aringa gehien egitea da ekimenaren helburu nagusia. Animatu eta parte hartu”.
Nabarmendu dutenez, osasun protokolo guztiak bermatuta egingo dute elkartasun kirol proba; parte hartzaileei eskatu diete arauak errespetatzeko. “Jende pilaketak saihesteko nahiagaz, korrikalariak txandaka aterako dira. Gehienez ere, sei laguneko taldetan abiatuko dira; legeak onartzen duen gehieneko taldetan. Kirol probak irauten duen tarte guztian, gainera, nahitaez musukoa jantzita eraman beharko da”.
Ekimena Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamikarako dirua biltzeko izango dela azpimarratu dute. “Proba hasi baino lehenago mahai bat ipiniko dugu Amandarri itsasargiaren parean. Nahi duten guztiek borondatea emateko aukera edukiko dute. Diru ekarpenak mahai gainean ipinitako kutxatxoan jasoko ditugu. Gure asmoa da AEKri gutxienez 100 euro ematea da. Gutxiago aterako balitz, gainontzeko kopurua geuk ipiniko genuke”.