Markina-Xemeinek 753.597 euroko kreditu aldaketa onartu du inbertsioetarako
Hainbat proiektu ditu udalak esku artean. Besteak beste, Plazabarripeko eraikinaren estalkia konponduko dute eta Beheko Mojetako eta Aldaolako argiteria hobetu.
Markina-Xemeingo Udalak 753.597,93 eurotako kreditu aldaketa onartu zuen atzoko [martxoak 29] Osoko Bilkuran. Udaleko gerakinetatik hartuko den dirua herrian hainbat inbertsio gauzatu eta diru laguntza ezberdinak emateko erabiliko da. Luis Egurrola Arakistain alkateak azaldu zituen aldaketak bilkuran.
Kreditu aldaketa honetako diru kopuru nagusietako bat Plazabarripeko eraikina konpontzera bideratuko dute. 109.828,91 euro erabiliko ditu, hain zuzen ere, udalak, Plazabarripeko eraikinari estalki berria jarri eta aurrealdean isolamendu termikoa sartzeko. Azaldu zutenez, eraikinaren estalkia oso baldintza txarretan dago eta edozein momentutan apurtu daiteke. Lan horiek egiteko diru laguntza eskatu dute, baina erantzunaren zain daude.
Zelaiko ziburuak ere berritu nahi dituzte. Jolasak eta kautxuzko lurzorua aldatzeko aurrekontua bidali diete jolasak egiten dituzten enpresei eta proposamenak jasotzen ari dira. «Urte asko pasatu dira eta ez daude egoki», esan zuen alkateak. Ziburuen gunea berritzeko 72.600 euro aurreikusi dituzte.
Iruzubietako lanetarako ere diru sail bat gorde dute. Lehenengo faseagaz ari dira orain, eta fase honetan bideko zuloak estali eta horma atzeratuko dute. Bigarren fasean, berriz, espaloia egingo dute eta azpian joango dira azpiegitura guztiak. Asfaltoa ere botako dute eta argiteria ere jarriko dute. Guztira, 101.684,80 euro izango dira.
Herriko argiteria hobetzeko lanak ere eramango ditu aurrera udalak (17.467 euro). Beheko Mojetako eta Aldaola parkeko argiteria hobetu nahi dute besteak beste. «Aldaolan argi gutxi dago eta tirolina ere oso ilun. Boluko zubira joateko zebrabidean ere sartuko da argia».
Gurpilak puztu eta bizikleta garbitzeko aukera eskainiko duen gune berria ere prestatuko dute kiroldegiko aparkalekuan, Carloseneko zubiaren inguruan
Asfaltatze lanak ere egingo ditu udalak Abesuan, Zelaiko komun publikoen paretik Hipolitaraino, eta zebrabidea eraikiko dute Murganeko atearen parean. Lan horretarako 17.050,59 euro gorde dituzte. Erdotza etorbideko bidea ere konponduko dute (6.000 euro) baita Bera Kruz ikastola aurrea ere (3.378,37 euro).
Igogailua. Udal eraikinetan ere egingo dituzte inbertsioak. 12.644,50 euro erabiliko dituzte Esperantza eraikinean igogailua jartzeko, kiroldegiko dutxetan aginte bakarreko txorrotak jartzen ari dira (1.988,51 euro) eta Gaztelekura ere 13.100 euro bideratu ditu udalak. Gaztelekua berriro martxan jartzeko gainera, garbiketa berezia ere egin dute.
Haize ufadak egon zirenean bolatokia apurtu egin zen, eta egurrezko egitura bat egoki ikusi du udalak (18.031,90 euro) bertarako. Bestalde, gurpilak puztu eta bizikleta garbitzeko aukera eskainiko duen gune berria ere prestatuko dute kiroldegiko aparkalekuan, Carloseneko zubiaren inguruan (2.445,71 euro). Bide ziklableen bigarren faserako, ostera, 41.158 euroko diru saila edukiko dute, eta zirkulazio seinale berrietarako 14.029 euro.
Inbertsioez gain, ostalariei laguntzeko diru laguntzak ere kontuan hartu ditu udalak, eta kreditu aldaketa horren baitan jaso dituzte
Goierri auzoko ur hornikuntza sarea handitzeko, berriz, 63.376,79 euro izango dituzte. Hala ere, proiektua Erein diru laguntzara aurkeztu dute. Beste 48.367,86 euro Erdotza bidean, Bidaurreta parean dagoen baso pistaren lurzorua konpontzeko erabiliko dira, baina 36.000 euroko diru laguntza bat lortu dute egitasmo horretarako.
Horrez gain, HAPOren zuzenketa lanak egingo dituzte (12.600 euro), ur beltzak eta erreketakoak bereizteko proiektua egingo dute (19.702 euro), kaleak konpontzeko materiala erosiko dute (6.597 euro), zamar poto berriak jarriko dituzte (4.598 euro), herriko bankuen mantenua egingo dute (8.986,79 euro), eta beste hainbat hobekuntza txiki ere mahai gainean ditu udalak.
Bestalde, inbertsioez gain, ostalariei laguntzeko diru laguntzak ere kontuan hartu ditu udalak, eta kreditu aldaketa horren baitan jaso dituzte.