Mugiment kirol txartela egitasmoan parte hartuko du Mutrikuko kiroldegiak
Mugiment kirol txartel birtualari esker Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 46 herritako kirol zerbitzuak erabili ahal izango dira doan. Mutrikun apiriletik aurrera hasiko dira zerbitzua ematen.
Aitor Itza Mutrikuko kirol zinegotziak aurreko osoko bilkuran jakitera eman zuenez, Mutrikuko kiroldegiak ere bat egin du Mugiment egitasmoarekin. Apiriletik aurrera hasiko dira zerbitzua ematen Mutrikun, eta kirol txartel birtualari esker, Mutrikuko kiroldegiko bazkideek programan parte hartzen duten gainerako herrietako kirol zerbitzuak erabili ahal izango dituzte inolako kostu gehigarririk gabe.
Kiroldegi bakoitzak bere instalazioak erabiltzeko muga zehatzak ezartzeko aukera du. “Kiroldegi bakoitzak berak zehaztuko du gainontzeko herrietako bazkideek zer ekintzatan eta zer ordutegitan parte hartzeko aukera edukiko duten”, azaldu zuen kirol zinegotziak.
Zerbitzu berria doakoa izango da Mutrikuko kirol zerbitzuko abonatuentzat; ordaindu beharreko abonu kuota, norberaren herriari dagokiona izango da. Erabilerari dagokionez, mugikorrerako aplikazio baten bidez egingo da. Aplikazioa instalatu, datuak erregistratu eta udal kirol zerbitzuek baliozkotu beharko dituzte. Hortik, erabili nahi duten udalerriko kirol zerbitzuen ordutegia kontsultatu eta txanda aukera dezakete.
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 46 herritako 76 instalazioetan dago erabilgarri une honetan zerbitzua. Honakoetan: Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena, Abanto-Zierbena, Sestao, Barakaldo, Muskiz, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza, OƱati, Amurrio, Laudio, Ugao-Miraballes, Bakio, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Bermeo, Erandio, Gernika, Lemoa, Sopela, Durango, Berriz, Elorrio, Sondika, Zamudio, Lekeitio, Mungia, Markina-Xemein, Mundaka, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mutriku, Mendaro, Deba, Zumaia, Zestoa, Getaria eta Zornotza.