Mutrikuko Iratxo ludotekak ate irekien jardunaldiak egingo ditu apirilaren 12tik 14ra
Ludotekan izena emateko epea zabalik dago. Izen emate orriak ludotekan bertan eskuratu daitezke.
Mutrikuko Iratxo ludotekan hirugarren hiruhilekoa hastear dagoela eta, ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte. Zerbitzuaren funtzionamendua ezagutzera emateko jardunaldiak apirilaren 12tik 14ra bitartean egingo dituzte. Jardunaldi horietan parte hartzeko interesa duten herritarrek antolatzaileek Interneten ipini duten galdetegia bete beharko dute apirilaren 11 baino lehen.
Apirilean, maiatzean eta ekainean seme-alabak ludotekara bidali nahi dituzten gurasoek izena emateko aukera zabalik daukatela ere gaineratu dute. “Hiruhileko osorako izena emateko interesa dutenek ludotekan edukiko dute horretarako aukera. Izen emate orria bertan egongo da eskuragarri”. Izen emate orriak bete ostean ludotekara bueltatu beharko dira; apirilaren 14a da horretarako azken eguna.
Ludotekako zerbitzuari dagokionez, astelehenetik eguenera 16:00etatik 19:30era bitartean egongo da zabalik. 3 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoek parte hartu ahal izango dute antolatzen diren ekimenetan. 3 eta 5 urte bitartekoak ludotekan batuko dira, eta hortik gorakoak, Gaztelekuan. Zehaztu dutenez, adin tarte bakoitzari ordu tarte bat egokituko diete. “Behin betiko ordutegia aurrerago zehaztuko da”.