Aulestiko Udala Energia Plan Integratua garatzen ari da
Klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko proposamenak jasoko dituzte Plan Integratuan. Udalak herritarrei galdetegi bat banatu die euren iritzia jakiteko.
Aulestiko Udalean Udal Energia Planaz garatzen hasi ziren 2020ko apirilean. Orain haratago joan eta Plan Integratua garatzea erabaki dute, eta hori herritarren parte hartzeagaz egingo dute.
Energia plan soil batek klima aldaketa aritzeko ekintzak biltzen ditu, eta plan integratuak, berriz, klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko proposamenak ere jasoko ditu. “Hasiera batean Energia Plana egitekotan egon ginen; batez ere, energia berriztagarrien inguruan hasi ginen lanketa egiten. Gero, hori garatzen joan ahala, adostu genuen Energia Plana barik Plan Integratua egitea. Plan Integratua askoz ere zabalagoa da. Energia berriztagarriak soilik barik, basogintza eredua, hondakinen kudeaketa, garraioa… bertan txertatuta geratzen dira”, azaldu du Jone Antsotegi Ikazuriaga Aulestiko alkateak.
Aulestik urteak daramatza eraginkortasunaren arloan askotariko ekintzak burutzen,eta plan honek ekintza horiek izan duten eta ekintza berriek izango duten eragina «baloratzea ahalbidetuko» duela zehaztu dute. Gaur egungo egoera kontuan hartuta, “udalerri mailako datuen zerrenda edo inbentario bat egitea” ahalbidetuko du planak.
Udalak bere garapenean zehar herritarren iritziari garrantzia handia eman nahi diola nabarmendu dute udal ordezkariek, eta horregatik galdetegi bat banatu dute, eta hori betetzera animatu dituzte aulestiarrak. Bertan, datozen urteetan jasangarritasunaren arloan, hau da, klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko ekintzak proposatzeko aukera daukate herritarrek.
Aulestiko Plan Integratuak gutxienez 20 urterako ibilbidea finkatuko duela jakinarazi dute, eta Europar Batasunak ezarritako helburuak betetzea izango du helburu
Galdetegia udal aldizkariagaz batera banatu dute, eta gehiago behar izanez gero, idazkaritzan zein udalaren webgunean eskuratu ahal dira. Bete ostean, idazkaritzan, liburutegian edo udaletxearen arkupeko buzoian utzi daitezke eta posta elektronikoz administraria@aulesti.eus helbidera ere bidali daitezke. “Herritar batzuk seguru asko dakitela dakitela gai honi buruz. Plana aurrera eroaten hasi ginenean planteamentu batzuk bagenituen, baina proposamenak jaso nahi genituen planean sartzeko. Plan horretan egin ahal diren ekintzei edota dauzkaten ideiei buruz proposamenak egitea eskatu dugu”, adierazi du alkateak. Galdetegia anonimoa dela azpimarratu du, ez dute eskatzen izen-abizenak zehaztea. “Bakarrik proposamenak jaso nahi ditugu. Nahi duenak izen-abizenak eman ditzake, baina printzipioz anonimoa da, jendeak parte hartzea nahi dugu-eta. Aurrera begira ere segituko dugu hau garatzen eta herritarrei parte hartzeko aukera emango diegu”.
Urtetik urterako jarraipena. Aulestiko Plan Integratuak gutxienez 20 urterako ibilbidea finkatuko duela jakinarazi dute, eta Europar Batasunak ezarritako helburuak betetzea izango du helburu. Urtetik urterako jarraipena eginez, udalerriaren argazki edo erradiografia aterako dute eboluzioa nolakoa den aztertzeko eta egingo diren ekintzen inpaktua ebaluatzeko. “Berotegi efektuak sortutako klima aldaketak ekarriko dituen ondorioetara egokitzea, isuriak murriztea bezaien garrantzitsua izango da, datozen urteetan azaleratuko diren kalteak saihestezinak baitira lurrak duen inertziagatik”.
2008an Europar Batasunak finkatutako 20/20 helburuak betetzeko konpromisoa hartu zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoak orain dela urte batzuk. “Itun honek 2020rako helburuak finkatu zituen, eta urte hori pasatuta, esan dezakegu Euskadik ez dituela bete itunean eskatu ziren eskakizunak”. Gogoratu dute 2014ean, Europar Batasunak helburu berriak finkatu zituela 2030erako, eta garapenaren egoera ikusita, 2018an helburu “zorrotzagoak” zehaztu zituen. Besteren artean, Berotegi Efektuko Gasen isuria %40 murriztea, energia berriztagarrien ekarpena kontsumoaren %32 izatea, eta energia primarioaren kontsumoa %32 murriztea ezarri zituen.